Jendez lepo zegoen atzo arratsaldean Amurrioko udal pilotalekua. ANkerkeriari STOP plataformak esku pilota eta pala partidak antolatu zituen, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako prozedura judizialak eragindako kostu ekonomikoei aurre egiteko.
Berebiziko espektatiba sortu zuen arratsaldeko hitzorduak, eta 300 lagunetik gora elkartu ziren. Izan ere, Mikel Goñi pilotari profesional ohia zen Amurrioko frontoian norgehiagokan arituko zen kirolarietako bat, hainbat urtez frontoietatik aldenduta preso egon ostean. Oronoztarra Koldo Iriarterekin batera aritu zen atzo, Landaluze eta Gonzalez bikote amurrioarraren aurka. Lehia bizia izan zen, baina azkenean Landaluze eta Gonzalez bikote gaztearentzat izan zen partida.
Aurretik, pala partida jokatu zuten Arregik eta Ibarluzeak Jimenez-Murgaren kontra, Amurrioko gazteak laurak. Jimenezek eta Murgak altxa zuten partida.