“Londresen Luke Skywalker, Mark Hamill antzezlea, ezagutzeko aukera izan nuen”

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 4a, 07:20

LANDER ARTEAGA (Amurrio, 1978) Star Wars sagaren zale amorratua da eta gaur unibertso horren nazioarteko eguna ospatzen dute munduan. Egunaren esanahia eta jatorria, zein berak izandako bizipenak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, zer ospatzen da maiatzaren 4an eta zergatik?

Hasi aurretik, eskerrik asko elkarrizketa honengatik. Urtero zientzia fikzioaren zaleak gero eta gehiago gara, baina oraindik halako elkarrizketak ez ohikoak dira komunikabide askotan eta eskertzekoak dira beti. 

Galderari erantzun azkarra emateko: Maiatzak 4an Star Wars unibertsoaren eguna ospatzen da mundu osoan. Baina, zergatik? Ba arrazoia txorakeri txiki bat da: Maiatzak 4 Estatu Batuetan sorturiko hitz joko batekin hasi zen. Oro har, azken filmak ez ezik, Star Wars pelikulak maiatzan estreinatu dira beti eta horrek maiatza Star Warsen hilabete bihurtu zuen.

Baina hitz jokoa saga honen esaldi ezagunenena du ardatz, ingelesez: "May the force be with you", non "may the force" maiatzak 4 ingelesez (May the 4th) ahozkatzeko era ekartzen duen gogora. Eta horregatik aukeratu zen egun hori eta, ondorioz, urtero maiatzaren 4an mundu osoan Star Wars inguruan milaka ekintza eta jai antolatzen dira.

Noiz hasi zinen Star Warsen jarraitzaile hutsetik izatetik jarduera kolektiboetan parte hartzera?

2000. urtean, Interneten murgiltzen hasi nintzen eta "Los Lores del Sith" izeneko webgunea topatu nuen. Gaur egun zaharkituta egon arren, momentuan aurkitu litzatekeen webgunerik onena zen. Webguneak martxan zuen posta-elektroniko zerrendaren bitartez 2002an Madrilen antolatutako estreinaldian parte hartu nuen, eta hori izan zen nire lehen ekitaldia.

"Valladolidera bizitzera joan nintzenean Fuerza Rebelde-n, Star Wars zaleen taldean, parte hartzen hasi nintzen"

Hogei urte baino gehiago banituen ere, bertan bizitakoa ahaztezina izan zen. Gerora, Valladolidera bizitzera joan nintzenean, bertako Fuerza Rebelde izeneko Star Wars zaleen taldearekin harremanetan jarri eta parte hartzen hasi nintzen. Hurrengo 10 urteak izan ziren ekintzetan parte hartze handiena izan nuen garaia. Orain, parte hartzera baino, gozatzera joaten naiz.

Zein topaketa motetan parte hartu duzu eta zertan datza egitaraua, oro har?

Star Wars unibertsoaren inguru hamaika topaketa antolatzen dira. Konbentzioak, kontzertuak, desfileak, proiekzioak, jaiak... Egun, talde garrantzitsuena 501. Legioa da. Alde Iluneko eta Inperioko pertsonaien jantziak dituzten zaleak biltzen dituen nazioarteko elkartea da.

Nire kasuan, aipatutako Lores del Sith, Fuerza Rebelde eta 501. Legioa taldeetan ibili naiz urte askotan. Bertan denetariko ekintzak antolatzen ibili nintzen, baina gehienbat Valladoliden antolatuko konbentzioak gogoratzen ditut.

"Lores del Sith, Fuerza Rebelde eta 501. Legioa taldeetan parte hartu dut, baina orain ikusle moduan gozatzen dut"

Hamaika ekintzaz beteriko hiru eguneko topaketak ziren. Bertan, film laburren proiekzioak, desfileak, merchandising eta jantzi erakusketak, pelikulen inguruko dioramak, lehiaketak, produktuen zozketak edota hitzaldiak antolatzen genituen.

Gainera, urtero gonbidatu garrantzitsuagoen parte hartzea lortu genuen. 2006an R2D2 droidea antzezten zuen aktorea, Kenny Baker, izan genuen gurekin, adibidez. Baina gure topaketen une onena beti afariak eta ondorengo jaiak izaten ziren, gonbidatuek ere parte hartzen zuten eta. 

Beti halako topaketak jai giro polit batez betetzea izan genuen helburu, edozein pertsona integratzeko asmoz, besteak beste. Horregatik, bertaraturiko guztiek gaituzte gogoan. Gau ahaztezinak bizi izan genituen.

"2006an R2D2 droidea antzezten zuen aktorea, Kenny Baker, izan genuen gurekin"

Zein da bizi izan duzun unerik bereziena horrelako topaketetan? 

Urteetan zehar topaketa askotan egon naizenez (2004an Sitgesen egindako Konbentzio Ofizialean, 2006an Valladoliden antolatu genuen Rebelcon Estatu Espainiarreko II. Konbentzioan edota 2007an Londresen antolatutako Star Wars Celebration European topaketan, besteak beste), aukera izan dut hamaika aktore ezagutzeko eta beraiekin hitz egiteko.

Horiek beti izan dira une oso bereziak. Sitgesen David Prowse (Darth Vader) eta Jeremy Bulloch (Boba Fett) ezagutu nituen. Valladoliden, esan bezala, Kenny Baker (R2D2) eta Richard Leparmentier (Motti Almirantea). Londresen, aldiz, Mark Hamill (Luke Skywalker), Peter Mayhew (Chewbacca), Anthony Daniels (C3PO) edota Billy Dee Williams (Lando Calrissian) ezagutu nituen, besteak beste. 

Baina unerik berezienak ezagutzen ez nituen pertsonek eman dizkidate beti. Antolatutako konbentzio batean eskerrak ematera hurbiltzen ziren zaleak, edota desfileetan txikiek eta euren gurasoek Darth Vader bat edota Stormtrooper talde bat ikustean jartzen zituzten zorion aurpegiak. Une horiek edozein aktore famaturekin minutu batzuk egotea baino bereziagoak izan dira beti.

Zergatik duzu hain gogoko Star Wars eta zein da zure iritzia sagari buruz? 

Nire zaletasuna Amurrioko Lavire zinema areto zaharrean hasi zen. Igande bateko arratsaldeko lauretan egin ohi zen umeentzako emanaldian Jedi zaldunaren itzulera jarri zutenean. Ez dut gogoratzen zehazki zein urtean izan zen, baina egun horretan bizitako emozioak ahaztezinak izan ziren. Pelikulak ez zuen garaian egiten zen zinemarekin zerikusirik, ikusgarria eta epikoa zen. Gainera, nork ez inoiz amestu argi-ezpata baten jabe izatearekin?

"Amurrioko Lavire  zinema areto zaharrean hasi zen niretzat Star Wars-ekiko zaletasuna"

Gerora ere, hiru filmak etxean ikusteko aukera izan nuen; non eta ETB 1n eta euskaraz gainera! Orain sinestezina badirudi ere, 1980ko hamarkadan EITBek halako filmak euskaratzen zituen eta guretzat ikaragarria zen gure film gogokoenak euskaraz gozatzeko aukera izatea.

Bizipen horioek ere handitu zuten nire zaletasuna. Gainera, urteetan bizitako bizipenak, zaletasuna baretu baino, handitzen joan dira.

Orain milaka produktu daude sagaren inguruan, eta dena da ezberdina. Lehen filmak, eleberriak, komikiak, rol jokoak eta bideojoko gutxi batzuk genituen. Gaur egun, edonon aurkitu dezakezu Star Warsen inguruko produkturen bat, jadanik hamaika film egin dira eta telesail mordoa ere estreinatu da.

Esperientzia ezberdina da, ez hobeagoa edo txarragoa, baina ezberdina. Gazteek beste hamaika saga ezberdinen inguruko produktuak ere badituzte, adibidez. Baina Star Wars unibertsoaren osasuna indartsu ikusten dut. Disneyk erosi zuenetik bost film eta lau telesail estreinatu dira, eta beste hainbat estreinatzeke daude. Askok pentsa dezakete gehiegi dela, baina oso produktu ezberdinak direnez, nire ustez onuragarria izango da; zale zaharren gustuko produktuak egiteaz gain, beste produktu asko egiten ari direlako zale gazte eta berriak lortzeko.

"Hiru filmak etxean ikusteko aukera izan nuen; non eta ETB 1n eta euskaraz gainera!"

Egia da alde ekonomikoak beti duela eragina, baina Star Wars unibertsoak beti lortu du balditzapen hori gainditzea eta emozioz eta indarrez beteriko istoriak sortzea. Duela 45 urte egin bezala, ziur nago belaunaldi berriak ere harritzen jarraituko duela.

Bildumazalea zara ere?

Gehienetan uste da bildumazaleen arazorik handiena dirua dela. Baina, hori baino, lekua da oztoporik handiena. Bildu daitezkeen gauzak merkeak izan daitezke, baina gordetzeko lekurik ez baduzu, ezingo dituzu bildu. Nire kasuan biak izan dira baldintzatzaile.

Hala ere, hainbat garai bizi izan ditut urte hauetan. Gaztea nintzenean ez nuen ez dirurik ezta baliabiderik, baina amaren laguntzarekin erderaz argitatzen hasi ziren eleberri guztiak biltzeko aukera izan nuen. Oso urte bitxiak izan ziren: Internet gabe, askotan telefonoz jartzen ginen harremanetan argitaletxearekin eleberri berriak lortzeko.

Gaur egun 50 liburuz osatutako bilduma daukat, maitasun osoz gordetzten jarraitzen dudana. Gero, izan nuen, besteak beste, hainbat estatuaz osatutako bilduma bat; baina, bizitzan bizitako zenbait unek bultzatuta, saltzeko erabakia hartu nuen.

Orain, liburuez gain (oraindik erosten ditut argitaratzen direnak) Funko Pop eta Legoz osaturiko bilduma polit bat batzen hasi naiz. Ez da oso handia, baina dudan leku apurrak uzten didana da. Gainera, urte hauetan ezagututako aktore guztien sinadurak ere baditut, noski. Eta nola ez, filmeek izan dituzten VHS, DVD eta BluRay bertsio ezberdinak ere baditut: 1995an argitaratutako VHS bertsioak, 1997ko VHSak, prekuelen DVD eta VHS bertsioak, 2010eko BluRayak (Star Wars sagaren lehenengoak) edota iaz kaleratutako saga osoaren (hiru trilogien) BluRay bilduma.

Esan bezala, ez da bilduma handia, baina bai maitasunez eta oroitzapenez baterikoa, Star Wars bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide