Nagusilan Amurrio, udalerrian ongi txertatutatako ekimena da. Gaur egun 25 boluntariok, 17 emakumek eta 8 gizonek, osatzen dute. Talde honen helburua nahi ez den bakardade-egoeran dauden adinekoen beharrizan sozialei eta afektiboei erantzutea da, borondatezko laguntzaren bidez. Era berean, zahartze aktiboa eta solidarioa sustatzen dute, beti ere jarduera desinteresatuen bidez.
Ekimen hori aldez aurreko errealitate batetik sortu zen. Errealitate horretan, laguntza lanetan eta eskualdeko egoitzen eta etxeen animazioan nolabaiteko ibilbidea zuten Nagusilan berarekin eta Osasun Pastoralarekin erlazionatutako taldeek egin dute bat. Horrez gain, boluntario batzuen lan independentea eta Amurrioko Adinekoen Kontseiluaren bultzada sendoa ere jaso dira. Horrek guztiak dagoeneko erantzun koordinatua ematen dio udalerriko pertsona askok nahi ez duten bakardade-egoerari, eta, horren ondorioz, Amurrioko adinekoen bakardade-egoerarekin sentsibilizatuta dauden boluntarioen ondo egituratutako taldea sortzen da. “Uste dugu Urrezko Guk sariak, gure gizartean lehentasunezkoak izan behar duten gizarte-balioak dituen Nagusilan Amurrio moduko gizarte-ekimenei balioa emateko balio behar duela. Euren denbora besteei laguntzen ematen duten pertsona boluntarioek eta solidarioek amurrioarrek emandako aintzatespen hori merezi dute”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.