ARGAZKI KRONIKA

Nagusilanek jaso du Guk Saria, bakardadeari aurre egiteko dinamikengatik

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 19a, 20:45

Gaur iluntzean izan da Amurrioko Guk Saria banatzeko ekitaldia. Nagusilanek jaso du aurtengo aitortza, eta herriko edadetuen alde egindako lana goraipatu dute hitzartze zein ikus-entzunezkoen bitartez.

19:00etan hasi da Amurrio Antzokian Guk Sariaren ekitaldia. Iaz Amurrio Trail Taldeak jaso zuen aitortza, eta aginte makila Nagusilani eman diote kirol elkarteko kideek. Ekitaldiak edadetuek bizi duten bakardadea izan du ardatz, eta horretarako dauden babes sareak nabarmendu dituzte. Horietako bat da Nagusilan Amurrio.

"Amurrion bizimodua hobetzeko laguntzen dutenei ematen diegun esker ona da Guk Saria"

"Amurrion bizimodua hobetzeko laguntzen dutenei ematen diegun esker ona da Guk Saria". Hala adierazi du Udalak, ekitaldiaren aurkezpenean. Iratxe Estrada kazetari amurrioarra arduratu da gidaritzaz, eta Txemi Llano argazkilariaren bideo proiekzioaren bidez omendu dute herriko eragilea. Nagusilaneko partaideek euren bizipenak, esperientziak eta asebetetzea partekatu dituzte ikus-entzunezkoan, jendez betetako aretoaren aurrean. Oihane Almanchel Molinuevo bibolin jolea ere igo da oholtzara, eta zenbait abesti interpretatu ditu ikus-entzule guztien gozamenerako. 

Txerra Molinuevo alkateak Nagusilanen ibilbidea eta ekarpena txalotu ditu: "Zaintza lan eta beharrei boluntarioki emandako erantzunagatik omendu nahi dugu Nagusilan. Zorionak! Udalerrian egiten duzuen lanari balioa eman nahi diogu. Jendea laguntzea eredugarria da guretzat". Zentzu horretan, zoriondu baino eskerrak ematea dagokiola aitortu du gobernuburuak, "iaz bezala, zorionak baino eskerrik asko esatea dagokit, milesker egiten duzuen lanagatik".

Nagusilaneko ordezkari gisa Patri Aldama eta Jokin Carames taularatu dira segidan. Biek ala biek,  Nagusilanen ekarpena, helburuak eta ekimenak izan dituzte hizpide. Ildo beretik, parte hartzeko deia luzatu diete adin orotako herritarrei. Amaieran, agurra dantzatu diete Nagusilaneko kideei, eta talde argazkia atera ondotik, bibolin emanaldiarekin bukatu dute ekitaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide