ERREPORTAJEA

Arabako II. Euskarazko Futbol Topaketa, kirolean hizkuntzaren joko zelaia handitzeko abiapuntu

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 21a, 14:09

Amurrioko futbolari gazteak ere batu dira kirolean euskara sustatzeko ekimenera. / Aiaraldea.eus

Futbolean euskaraz topaketa egingo dute larunbatean Amurrion, 150 jokalari gazte baino gehiago elkartuta. 18 talde bertaratuko dira, eta futbolean ere euskaraz aritzea eta harremantzea izango da helburua. 

Bigarrenez egingo dute Araban II. Euskarazko Futbol topaketa. 2014-2015 urteetan jaiotako neska-mutilez osatutako taldeek hartuko dute parte, 7-8 urtekoek alegia. Beñat Mendiguren Amurrioko Zerbitzu Soziokulturaletako koordinatzailea ari da prestaketa lanetan, besteak beste, Arabako beste euskara teknikari batzuekin batera: "Helburua da kirol esparruan euskararen erabilera sustatzea. Partaideek, bai jokalari, entrenatzaile zein epaileek, euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dute. Korrikaren testuinguruaren baitan antolatuko da aurtengo edizioa, eta bukaeran talde argazki bat aterako da".

Erantsi duenez, 18 talde etortzea espero dute, guztira, 150 futbolari baino gehiago. "Agurain, Dulantzi, Gasteiz, Laudio eta Amurrioko taldeak izango dira".

Futbolean euskara sustatzeko egitasmoak

Igandekoa ez da martxan dagoen proiektu bakarra. "Amurriora etorriko diren jokalarien herrietako bakoitzean, egitasmoak martxan daude, edo egon dira. Araban esparru horretan asko dago egiteko, baina urrats txiki batzuk eman dira, eta horiek ikustarazi nahi dira. Arabako Foru Aldundia eta Futbol Federazioa egitasmoaren parte ere badira", zehaztu du.

"Aurtengo helburua Araban, futbolean ere euskaraz aritzea ekimen naturala dela ikustaraztea da. Jokalari askok lehenbiziko aldiz beste jokalari batzuekin euskaraz hitz eginez ezagutuko dute elkar"

Futbolean ere euskara sustatzea nahi dute: "Aurtengo helburua Araban, futbolean ere euskaraz aritzea ekimen naturala dela ikustaraztea da. Jokalari askok lehenbiziko aldiz beste jokalari batzuekin euskaraz hitz eginez ezagutuko dute elkar. Egun, Araban, adin tarte horretako ikasle ia denak euskaldunak dira eta euskaraz ikasten dute. Euren guraso asko ere euskara ulertu eta hitz egiteko gai dira. Zeresanik ez entrenatzaile gazteen kasuan. Horren inguruko hausnarketa eta ariketa praktiko bat egin nahi da".

Egitaraua, prest

Igande goiza baliatuko dute elkar ezagutu eta euskaraz gozatzeko. 10:00-13:00 artean izango da ekimena, Reforreko futbol zelaian. Hain zuzen, 4 partida jokatuko dira, 15 minutuko iraupenarekin. "Talde bakoitzak 4 partidu jokatuko ditu, txandaka. Topaketa hau lagunartekoa izango da, eta ez da lehiaketa bezala planteatuko. Denak izango dira garaile, eta partaide denek izango dute oparitxoren bat eta mokadu bat jateko aukera".

Korrika dela eta, AEK-koekin batera zabaldu dute ekintza, "bertako programazioarekin bat egin dugu eta geure normalizaziorako aletxoa, AEK-ko lagunekin partekatu. Hori ere goraipatu nahiko genuke, euskararen normalizazioan lanean dihardugun eragile ezberdinen elkarlana helburuetako bat delako".

Amurrio, ekimen pilotu

Amurrion urteak daramatzate Etorkizuna Futbol Taldeko begiraleak euskarazko futbol terminologian trebatzen. Fitxak ere osatu dituzte entrenamenduak euskaraz egiteko. Udal teknikariaren esanetan, futbol kanpusa euskaraz antolatzeko konpromisoa hartu zuten, eta Euskara Zerbitzutik laguntza eskaintzen diete. 

Futbolaz gain, saskibaloira ere hedatu nahi dute egitasmoa: "Zaraobe Saskibaloi taldean ere, euren entrenamenduak euskaraz eskaintzen hasi ahal izateko lehen urratsak ematen hasi dira. Pixkanaka, Amurrioko kirol talde ezberdinetan jarduera horiek euskaraz egitea da asmoa". Hala, klubetako gurasoak, zuzendaritzako kideak, entrenatzaileak eta abar euskarara gerturatzea espero dute. 

"Zaraobe Saskibaloi taldean ere, euren entrenamenduak euskaraz eskaintzen hasi ahal izateko lehen urratsak ematen hasi dira. Pixkanaka, Amurrioko kirol talde ezberdinetan jarduera horiek euskaraz egitea da asmoa"

Euskaradunak geroz eta gehiago izanik, kirol elkarteetatik harago zabaldu nahi dute ekimena: "Gure esku dago urrats horiek ematea, eta ez da hain zaila. Helduon kasuan ere, kiroldegi publiko zein pribatuetan, klase batzuk euskaraz eskaintzea, uste baino errazagoa da, zabaldu beharreko mezuak hainbat kirol jardueretan oso bisualak direlako".

Zerbitzu Soziokulturaletako koordinatzailearen aburuz, duela urte asko, Bañueta Kiroldegian inkesta bat egin zuten erabiltzaileen artean, eta %80 euren kirol jarduerak euskaraz jasotzeko prest zegoen. "Egun bereziren baten euskaraz eskaini dira klaseak, mantenu klaseetan adibidez (erabiltzaile gehienak nagusiak dira, eta euskara gutxi dakite), eta jendeak gogotsu erantzun du".

Etorkizunean, beraz, erronka adina aukera daude. Asteburuko topaketa, hortaz, euskararen joko-zelaia handitzeko pauso bat gehiago baino ez da izango.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide