IVAN RUIZ ROATETXE

“Pyrenaicaren orrietan dago jasoa euskal mendizaleon historia guztia”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko api. 3a, 10:00

Pyrenaicako zuzendari berria da Ivan Ruiz Rotaetxe. / Aiaraldea.eus

IVAN RUIZ ROTAETXE (Amurrio, 1982) Pyrenaica aldizkariko zuzendari berria da. 100 urteko ibilbidea betetzear dagoen argitalpenaren ardura hartu berritan, etorkizuneko erronka inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Pyrenaica aldizkariko zuzendari izendatu zaituzte eta Luisa Alonsoren lekuko hartuko duzu orain. Nolakoa izan da ardura berria jasotzea?

Luisak urte asko zeramatzan Pyrenaica zuzentzen, Antonio Ortegak utzi zuenean berak hartu zuen postua. Duela gutxi erretiratu da, bizitza lasaiagoa nahi zuen eta uste zuen bazela garaia aldaketa bat gauzatzeko aldizkarian.

Postua utziko zuela jakinarazi zion Euskal Mendizale Federazioari, eta azken honek hautagai berria proposatu zuen: ni neu. Erredakzio lantaldean geundenon artean ni nintzen denbora gehien zeramana. Onartu egin nuen postua arduragatik, eta EMFren azken batzar orokorrean berretsi zen nire hautagaitza.

Urte asko eman dituzu aldizkarian. Nola hasi zinen Pyrenaicako lantaldean parte hartzen?

2015ean laguntza eskatu zuten Pyrenaicako bolgaz arduratzeko, eta beste batzuekin batera hau sortzen aritu nintzen. Handik gutxira Luisa zuzendaritzan sartu zen eta erredakzioko kide izatea porposatu zidan. Nik aurretik banuen blog bat 'El último destino' deitutako, bertan hasi nintzen nire BTT ibilbide guztiak biltzen, gainera, artikuluren bat ere banuen argitaratua Pyrenaican. Geroztik, erredakzioko kide izan naiz. Nagusiki, artikuluak zuzentzea eta idazle berriak bilatzea izan da nire ardura. Blogaren gaineko ardura ere nik eraman dut.

Urte guzti hauetan jarraitu izan dut Pyrenaican idazten maiztasunez; Izkiko mendien inguruan edota Ebro inguruko bizikleta ibilbideen inguruan idatzi izan dut, esaterako, hainbeste dira ahaztu egiten zaizkidala.

Azken zenbakian, adibidez, Espigüete eta Curabacas mendiak lotzen dituen zeharkadli baten inguruan idatzi dut. Orain, Berria egunkarian ere argitaratzen ditut nire mendi bizikleta ibilbideak, eta iaz argitaratutako Euskal Herriko 30 BTT ibilbide jasotzen dituen liburuaren bigarren edizioa plazaratu dugu.

“30.000 ale inguru argitaratzen dira eta Hego Euskal Herriko 750 herritan banatzen da. Ideia bat egiteko ‘Grandes Espacios’ aldizkari ezagunak antzeko tirada dauka”

Ibilbide luzeko aldizkaria da Pyrenaica.

Bai, 1926an argitaratu zen lehendabizi, erreferentzia gisa garai hartako mendizaletasun aldizkari kalsikoak hartuz: Alpine Journal aldizkari britaniarra eta Espainiar Estatuko Peñalara. Hamarkada guzti hauetan etapa desberdinak bizi izan ditu aldizkariak. Gerra Zibilak eta Frankismoak, esaterako, eten egin zuten honen argitalpena. 1957. urtean ere argitaratzeari utzi behar izan zioten Peruko Andeetan gertatutako “ikurriñaren iskanbila” medio.

Egun 30.000 ale inguru argitaratzen dira eta Hego Euskal Herriko 750 herritan banatzen da. Ideia bat egiteko, 'Grandes Espacios' aldizkari ezagunak antzeko tirada dauka. EMFko federatuek etxean jasotzen dituzte zenbakiak, eta Europako, Ameriketako eta Asiako beste 16 herrialdetara ere bidaltzen da.

Zer ekarpen egingo diozue zuk eta zure lantaldeak Pyrenaica aldizkariari?

2015ean irudi aldaketa sakona egin genuen aldizkarian. Orain, estilo berri hori gehiegi moldatu gabe, sakondu egin nahi dugu orduan egindako aldaketetan.

Alde batetik,  jende gaztearengana hurbiltzeko ahalegina egingo dugu. Kostatu egiten da irakurle gazteak erakartzea. Atal berriak txertatuko ditugu, datorren zenbakian, esaterako, komiki atala berreskuratuko dugu. Elkarrizketak ere gehitu nahi dizkiogu argitalpenari.

Horrez gain, bestelako aldaketak ere egingo ditugu; adibidez, jende nagusiak errazago irakur dezan tipografiak aldatu egingo ditugu; orain artekoa deserosoa zitzaion jende askori irakurtzerako orduan. Probatuz joango gara.

Sare sozialetan ere eraldaketa hori islatu nahian gabiltza: instagram kontua ireki dugu berriki. Web orrialdean ere garapenak gauzatuko ditugu aurki: hemerotekari garrantzia emango diogu, jendeak aldizkariaren edozein zenbaki erraz aurkitu eta irakurri dezan eta mugikorrerako bertsioari ere buelta batzuk emango dizkiogu interfaze erakargarriago bat ezarriz.

Aurreikusten dugun azken aldaketa handia bulegoaren lekualdatzea da. Orain Bilboko Txurdinaga azuoan dago kokatuta, bulego zaharra da, eta EITBren eraikinera mugituko gara 2023. urte amaierarako. Erronka handia izango da hori ere. Izan ere, Txurdinagako egoitzan artxibategi oso handi bat daukagu, aldizkariaren ale guztiak biltzen dituena. Ondo egokitu behar dugu tokia, baina ziur gaude aukera berriak eskainiko dizkigula ere.

Epe laburrean duzuen beste erronketako bat argitalpenaren 100. urteurrena da, 2026. urtean hain zuzen. Zeozer pentsatu duzue honezkero?

Ideia batzuk baditugu buruan, baina oraindike z gara martxan jarri. Nik nahiko nuke aldizkariarekin batera oparitxoren bat egotea irakurleentzat. Urte horretarako ere, gustatuko litzaidake aldizkariari irudi bereziren bat ematea, baina, bueno, oraindik lantzeke dagoen gaia da.

Euskal Mendizale Federazioko lehendakari izendatzerakoan, Zigor Egiak Aiaraldea Komunikabideari aipatu zion Pyrenaica Gizateriaren Ondasun Inmaterial izendatua izan zedin lan egingo zuela. Zertan datza izendapen hori, eta zein puntutan dago prozesua?

Saiakera egon badago, baina oraindik Eusko Jaurlaritzak ez du oniritzia eman. Funtsean, aldizkariari babes berezi bat eskainiko liokeen izendapena da Gizateriaren Ondasun Inmaterialarena.

Hainbeste urte dituen argitalpena izanik, historian zehar hainabtetan ahalegindu dira aldizkaria erditik kentzen. Guk hau babestea nahi dugu. Izan ere, Pyrenaica aldizkaria paperean argitaratzea da Euskal Herriko mendizaletasunaren memoria hobekien gordetzeko modua. Hori dela eta, aldizkaria ahalik eta gehien babestu nahi dugu burokratikoki.

Zer ekarpen egiten dio aldizkariak Euskal Herriko mendizaletasunari?

Gure memoria da. Euskal mendizaletasunaren historia guztia idatzita dago Pyrenaicako orrietan. Hastapenetako mendigozialeen irteeren kroniketatik hasita  gaur egunera arte, mendizaletasunaren eboluzioa jasotzen du aldizkariak. Bertan dago azalduta nondik datorkigun euskaldunoi mendiarekiko grin hau.

Pyrenaicak jaso zituen Antxon Bandresen lehenengo kronikak. Bera izan zen euskal mendizaletasunaren aita. Andres Espinosa abentua zale amorratuak ere idatzi zuen aldizkarian. Haiengandik hasi eta Pou anaien azken espediziora arte, denda dago Pyrenaican.

“Pyrenaica bolondresek egindako aldizkaria da, edozien mendizalek idatzi dezake bertan”

Auzolanean osatzen den aldizkaria dela esan daiteke. Azalduko diguzu zein den Pyrenaica aldizkariaren filosofia?

Hori da, bai, Pyrenaica bolondresek egindako aldizkaria da. Erredakzio lantaldeko kide guztiak boluntarioak gara, baita artikuluak idazten dituzten mendizale guztiak ere, noski. Edozein federatuk edo mendizalek idatzi dezake aldizkarian; ondo idazteko eta mendi-irteerak kontatzeko gogoak baino ez dira behar. Oso erraza da artikuluak erredazkiora bidaltzea, Internet bidez egin daiteke prozedura guztia, contacto@pyrenaica.com helbide elektronikoan.
Urtero artikulu eta argazki lehiaketa egiten dugu, argitaratutako  lan guztien artean erreportajerik onenak eta argazkirik onenakhautatzen ditugu.

Zer behar identifikatzen dituzue Pyrenaica aldizkarian gaur egun?

Alde batetik jendeak euskaraz gehiago idaztea behar dugu. Oso artikulu gutxi iristen dira euskaraz. Zenbaki bakoitzeko hiru artikulu iristen dira bataz bestez euskaraz, eta orotara hamabi argitaratzen ditugu. Emakume idazle gehiago behar ditugu ere sinaduren artean, hori da aldizkariak duen beste hutsuneetako bat. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide