Zergatik egin duzu bat garraio grebarekin?
Gasoilaren prezioagatik, eta ematen ditugun zerbitzuen preziogatik, ez baitago orekatua egiten dugun lanarekin. Horrez gain, enpresa pirata ugari eta bitartekari ugari daude zerbitzuak emateko orduan.
Hiru sindikatuan zaude, zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?
Espainiako Gobernuari eskatu zaio gasoilaren prezioa egokitzea eta Eusko Jaurlaritzari ezarri nahi dizkigun ordainsariak kentzea Deskargan eta bestelako autobidetan. Gainera, enpresak pirata sektoretik kentzea eskatu dugu eta bitartekarien aurrean neurriak hartzea. Izan ere, badaude bitartekari ugari euren etxeetan garraiolari autonomoak baino gehiago irabazten. Hori bai, guk gidatzen dugun bitartean, eurek telefono eta ordenagailua batekin ez dira etxetik mugitzen.
"Bitartekari eta enpresa pirata gehiegi daude garraioaren sektorean"
Enpresa piratak aipatzen ditugunean erreferentzia egiten diegu euren izenean kamioi bat bera ere ez dutenei. Beste herrialde batzuetako enpresak dira, zeinek kabotajea egiten duten. Frantziatik edo Alemaniatik etortzen dira enpresa horiek deskargak egitera eta gero ez dagokizkien zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Zenbat greba egun egin dituzu?
Martxoaren 14tik nago greban. Ez dakit lanera itzuliko naizen astelehenean, baina ministroa batu da plataforma batekin garraiolariak ordezkatzen ez dituena. Gaur batuko da gure ordezkariarekin. Gainera, 'ultra' batzuk izango bagina bezala tratatu gaitu, baina, esaterako, itxialdian guk gure konpromiso osoa erakutsi genuen.
Esan beharra dago ministroak aukeratu duela greba jarraitu ez duen plataforma batekin biltzea. Euren kamioiak lanean egon dira eta, alegia, horiek ez dira euren kamioiak. Horiek dira enpresa handiak, baina ez dira mobilizatu. Lanuztea egin dugu gu bezalako garraiolari autonomook.
Guk kamioi bat, bi edo hiru ditugu, eta patronalak ez gaitu ordezkatzen. Gure ordezkariak arratsaldean egongo dira ministroarekin.
Zer espero duzu zuk bilera horretaz?
Ez dut gauza handirik espero. Ministroak iragarri du ez duela akordioa aldatuko. Printzipioz, gasoil litro bakoitzeko 20 zentimoko beherapena agindu digu, baina neurriak soilik iraungo du ekainera arte. Hortik aurrera zer gertatuko da? Berriro atera beharko gara kalera?
"Patronalak ez du grebarekin bat egin, lan egiteari utzi diogunok garraiolari autonomoak gara"
Eta aipatu dituzten diru-laguntzek ez dute ezertarako balio. Izan ere, depositoa betetzeak balio du 1.200 euro.
Nola baloratzen duzue hedabideen eta klase politikoaren erantzuna zuen mobilizazioari dagokionez?
Nik parte hartu dut kamioiekin bi mobilizaziotan, Bilbon eta Gasteizen, eta hedabideen jarrera ona izan da, babestu gaituzte. Eusko Jaurlaritza hasi da arduratzen berriki, Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen ari den egoera dela eta. Dena den, uste dut gehiago egin behar zuela ministroari adierazteko egoera larria dela eta okerrera egingo duela ez bada berehala konpontzen. Izan ere, bizitzaren kostua guztiontzat garestitu da.
Ministerioak egin ditu zenbait adierazpen, zuek Voxekin lotuta, nola hartu duzue mezu hori?
Ni ez naiz inolako alderdi politikoko kidea eta are gutxiago inoren txotxongiloa. Nik nire burua ordezkatzen dut eta aldarrikatzen dut egunero borrokatu behar dudana. Nik hitz egin dut nire bezeroekin eta guztiek onartu dute zerbitzuaren garestitzea.
Nik greba jarraitzen dut, gehienbat, kidetasunagatik. Gainera, ez dut gogorik inolako arazorik nahi kideekin. Zergatik ministroak, bat-batean, presa dauka gure plataformarekin biltzeko?
"Garraiolariok ez gara inoren txotxongiloak, gure interesen alde borrokatzen dugu"
Bestalde, aipatu nahi dut Amurrion kamioi karabana egiten saiatu garela eta Ertzaintzak debekatu digula, argudiatuta kamioiek ezin dutela herrigunea zeharkatu, baina ez da merkantzia mugitzeko, baizik eta funtsezko aldarrikapena egiteko.
Nolakoa da zuen egunerokoa?
Esnatzen zarenetik pentsatzen ari zara nola atera negozioa. Ni zorionekoa naiz, baina agentzietarako lan egiten dutenek asko lan egiten dute eta bitartekariek gehiago irabazten dute. Gure lana oso gogorra da. Ordu pilo ematen ditugu garraiatzen eta arriskutsua da.