Amaurreko DBH 4ko ikasleak Erroman egon ziren iragan astean, ikas-bidaian. Bertan zeudela abiatu zen Korrikaren 22. edizioa Amurriotik, baina ikasleek ez zioten euskararen aldeko ekimenean parte hartzeari uko egin nahi izan. AEK-ko euskaltegiko kideek emandako petoak soinean jantzi eta hiri italiarrean barrena aritu ziren. Ekimenaren bideoa osatu du Igor Mendivil ikasleak, Aimar Campanón klasekidearekin batera hartutako irudiekin.
Enrique Arberas irakaslea egon zen ikasleekin bertan. "Oso hunkigarria izan zen Korrika Erroman egitea" azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari, "hiriko monumentu ezagunenetara eraman genuen euskararen aldeko aldarria: Fontana di Trievi, Koliseoa, Panteoia...".