'Eskatu Euskaraz eta Saria Irabazi' egitasmoaren edizio berria prestatu dute Amurrion. Ekintza horrekin Udalak pizgarria eskaintzen du jendeak euskara erabili dezan herriko denda, zerbitzu eta tabernetan. Horretarako, 3.357 txartel jarriko dituzte eskuragarri Amurrioko zenbait negoziotan, euskara baliatzen duten bezeroentzat.
Txartel horietako batzuek sari zuzena izango dute eta beste hainbatek zozketa batean izena emateko aukera eskainiko dute. Sari zuzen horien artean, egitasmoaren poltsa batzuk eskuratzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Honekin hiru edizio beteko du ekimenak. "Duela bi urte hasi ginen egitasmoaren produktuak oparitzen eta oso arrakastatsuak izan dira", azaldu dute Ahize hizkuntza aholkularitzako kideek.
Aurten kanpainan 28 establezimenduk hartuko dute parte, Amurrioko Udala barne: Adigrafik, Albizabal taberna, Amurrioko Udala, Aranoa zapatak, Arregi argazkigintza, Arkune taberna, Autsiki albaitaritza, Ayala II taberna, Basualdo kirol-denda, Burutxaga harategia (Mendiko kalea), Batzoki Berria, Desvan taberna, Gancedo jantzi-denda, Frontoi taberna, Goxoa okindegia, Guk taberna, Josu optika, La rana turquesa puerikultura-denda, Lilura jantzi-denda, Lur belar-denda, Luyando optika, Maritierra jaki ekologiko-denda, Marta gozotegia, Otarte okindegia, Rinconcito taberna, Selene fruta-denda, Txoko Gorri taberna eta Txotis taberna.
Boletoak maiatzaren 29ra arte banatuko dira eta maiatzaren 30ean 300 euroko bonoa zozkatuko da izena eman duten guztien artean, hitzarmenkide diren establezimenduetan kontsumitzeko.