Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Beste ezeren gainetik, lagun talde bat da gurea”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 17a, 07:00

Kontzertu ugari eman dituzte dagoneko Cuatro Bancos taldeko kideek. / Cuatro Bancos

CUATRO BANCOS taldeko kideak dira Endika Beobide, Gentza Errenteria Ugarte, Imanol Velasco, Alex Yarza eta Gorka Jimenez. hiru abesti plazaratu dituzte duela gutxi, eta euren lehen diskoa grabatzen ari dira uneotan.

Duela gutxi argitaratu duzue zuen lehen EPa. Nolakoa izan da lan hori kaleratu arteko prozesua?

Prozesu oso luzea izan da, baina nahiko polita. Egun batean geratu ginen apur bat jo eta ondo pasatzeko. Seriotausnez hartu genuen eta apurka apurka joan gine  talde itxura hartzen. 

Hasieran taldea ez zen orain dena. Bost kide ginen, baina beste kide bat zegoen. Aldaketa egon zen lehenengo eta bigarren kontzertuaren artean. 
Ondo pasatzeko eta barre batzuk botatzeko batu ginen. Lagunak gara, eta hori da garrantzitsuena: zer nolako giroa sortzen den guztion artean. 

“Gure lehen diskoa izango dena prestatzen ari gara uneotan. Aurten argitaratzeko asmoa dugu”

Pandemiaren erdian sortu zenuten taldea. Horrek asko baldintzatu du zuen jarduna?

Dena atzeratu da apur bat. Konfinamendua baino pare bat aste lehenago eman genuen gure lehen kontzertua. Klaseak bertan behera utzi zituzten egun berean eman genuen gure bigarren kontzertua, Eibarko Gaztetxean. Apur bat arraroa izan zen. Pila bat jende egongo zela esan ziguten, baina jendeak beldurra zeukan eta jende gutxi bertaratu zen. Orduan esaten genuen aferak astebete iraungo zuela, baina gero hainbat kontzertu utzi behar izan genituen bertan behera, pandemiaren erruz. Zaila izan da taldearen haria mantentzea. 

Plazaratu dituzuen abestietan estilo jakin bat sumatu daiteke. 

Hiru abestiak estilo berberean kokatu ahalko lirateke. Baina, era berean, oso kanta ezberdinak dira kanta zein letra aldetik. 

Iazko urtarrilean hasi ginen, Gabonetan. Hiru egun igaro genituen grabaketan murgilduta, hamar ordu egun bakoitzeko, Burubioko Sustraia Records estudioan. Lau kanta egingo genituen, baina bat gerorako uztea erabaki genuen.  Beste estilo batzuk ere jorratzen gabiltza. Nahi duguna egingo dugu. 

Baina, baduzue estilo jakin bat: rap kutsuko letrak eta rock doinuak. Ez?

Bai, baina orain punk estiloko bat grabatzen gabiltza, adibidez. Denetarik egiten dugu, baina badugu estilo propio bat sortzeko asmoa. 
Grabaketa egunak film baten modukoak izan ziren. Taldean hasi ginenean  une horrekin amesten genuen, eta bat-batean estudioan ikusi genuen gure burua, grabatzen. 

Ikasketa prozesua ere izango zen, ez?

Noski. Asko dugu oraindik ikasteko. Egunero ikasten dugu zerbait. Oreka bilatzen saiatzen gara guztion ideien artean. 
Oso begirada zabala dugu. Ez dugu musika berdina entzuten, eta hori oso ondo dago. 

Gainera, zortea izan dugu, jendeari gure nahasketa gustatu zaiolako. Sentsazio asko nahastu zaizkigu eta pozik gaude guztiok. 

Letrei dagokienez ere esan daiteke abesti guztiek ildo bat jorratzen dutela, ez?

Garaiaren araberakoa da. Une batzuetan gauza batzuei buruz hitz egitea gustatzen zaigu eta beste batzuetan ez. Konfinamenduan letra asko ateratzen ziren, eta orain, lanarekin eta bidaiekin ezin dugu letra askorik egin. 

Abesti bakoitza mundu bat da. Batzuetan letretatik abiatzen gara eta beste batzuetan musikatik. Oso modu naturalean ateratzen zaigu, hori da politena. 
Ez dugu gai bakarrera mugatu nahi. Orain arte abesti lasaiak egin ditugu, baina ez dugu horretara mugatu nahi. Bizi duguna kontatzen dugu.

Abesti gehiago grabatzen zabiltzate. 

Bai, Urduñako Konjuntibitis estudioan. Oso gustora gabiltza. Estiloa aldatzen gabiltza. Gure lehen diskoa izango dena osatzen gabiltza. 

Orain arte plazaratu ditugun abesti guztiak gazteleraz  izan dira. Ordea, orain grabatzen ari garen kantetako bat euskaraz izango da, beste bat euskara eta gazteleraz eta hirugarrena gazteleraz. Aldaketa egiten ari gara letretan, melodikoagoak dira, baina entzuten badituzu jakingo duzu Cuatro Bancosek eginikoak direla. Ez dugu gure esentzia galdu.

Zertan datza esentzia hori?

Nahiko estilo librea da gurea. Baliteke entseatzera etorri eta ordubete igarotzea jo gabe. Denbora gehiago igaro dezakegu musika entzuten musika egiten baino. Lagunak gara, azken finean, lagun-talde moduan funtzionatzen dugu, eta modu horretan lortzen dugu proiektua aurrera ateratzea. 

Guretzat musika bizitza da. Kontzertu bat eskaintzen dugunean bene-benetan bizitzen dugu. Oso une berezia da: denak batera gaude musika egiten… eta lagunak gara. Horretan datza gure esentzia. 

Nondik dator ‘Cuatro bancos’ izena?

Amurrioko parkean badago txoko bat lau bankurekin. Hortik dator izena. Hor jaio zen taldearen ideia. Taldearen izena pentsatzean, ingurura begiratu eta lau banku zeudela ikusi genuen, eta izen hori jarri genion proiektuari. Gure geratzeko tokia da. 

Aipatu duzue oso musikazaleak zaretela. Nondik edaten du taldeak?

Egon dira talde batzuk, rap eta rock kutsukoak, beti entzun izan ditugunak. La Raiz, Glaukoma, Zoo, Berri Txarrak… askotan entzun ditugu. Bakoitzak bere erreferentziak ditu. Abestiak baino, abestien zati konkretuek deitzen digute arreta. Gainera, ez diegu abesti ezagunenei erreparatzen. Badaude abesti batzuk ez direla ezagunak baina badutela zure buruan “klak” eginarazten dizun pasarte bat. 

Pandemia amaitzen ari den une honetan, kontzertuak ematen hasi zarete. Zer asmo duzue 2022ari begira?

Udara begira kontzertu batzuk prestatzen. Gure lehen diskoa atera nahi dugu. Hainbat gauza ditugu esku artean eta nahiko pozik gaude. 
Ez dugu helburu finkorik. Nahi duguna egiten dugu, gure buruak mugatu gabe. Jotzeko geratzen gara eta datorrena dator. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu bidean lagundu gaituzten guztiei, Polli edota Malen Atxari batez ere. Musikarion artean lagundu egin behar gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide