Euskadiko Selekzioak hautatu zaitu, zein izan da prozesua?
Iaz aurrehautatua izan nintzen, udan. Zarautzen elkartu ginen 40 jokalari, baina maila altua zenez, ez nuen uste berriro deituko zidatenik.
Ordea, gehiagotan deitu naute eta teknifikazio saioak egiten ditut Eibarren edota Leioan. Berez, aurrehautaketa horretan 25 izan ginen deituak gero, 18 hurrengo deialdian, 14 geroago eta, azkenik, 12.
Bakarrik entrenatu duzu Euskadiko Selekzioarekin edo partidaren bat jokatu duzu?
Bai, Galizian jokatu genuen txapelketa bat duela gutxi. Esperientzia oso ona izan zen, baina gure aurkariak oso onak ziren. Jokatu genituen hiru partida eta hirurak galdu genituen Galizia, Asturias eta Gaztela eta Leongo taldeen kontra.
Nola hartu duzu behin betiko hautaketa?
Oso pozik nago eta taldekideak oso jatorrak dira. Ez nituen ezagutzen aurretik. Arabako bi daude eta pasa den asteburuan jokatu nuen euren aurka.
Zure postua kantxan zein da?
Pivota naiz. Garaia naiz eta korrika azkar egiten dut.
Zenbat urte bete dituzu jolasten?
Gutxi gorabehera sei urte, beti egon naiz Zaraobe Saskibaloi Taldean.
“Araba taldeak proposatu zidan Gasteizera joatea jokatzera, baina nik Zaraobe Saskibaloi Taldean geratzea erabaki dut”
Zeintzuk dira zure helburuak, behin hautatua izanda?
Espainiako Txapelketa irabaztea eta hobetzea jokalari moduan. Espainiako Txapelketa, berez, Aste Santuan izango da, apirilean. Cadizen jokatuko da. Zaila izango da, baina uste dut ondo pasako dudala. Gaztela La Mancha eta Extremadura izango ditugu aurkari eta, egia esanda, ez daukagu erreferentziarik.
Jadanik nabaritu duzu hobetu duzula?
Bai, kideak hobeagoak dira eta gehiago zukutzen naute. Astean bi egunez entrenatzen dut Amurrion, larunbatetan partida jokatzen dut eta igandetan teknifikazio saioak dira selekzioarekin.
Saio horietan, goizetan, jokaldiak prestatzen ditugu eta arratsaldetan jokatzen ditugu partidak.
Zaraobe Saskibaloi Taldearekin helburuak zehaztu dituzu?
Ez, txapelketako lehenengo fasean gaude eta aitortu beharra dago gure aurkariek maila handiagoa dutela.
Pentsatu duzu zer nolako harremana izan nahi duzun saskibaloiarekin?
Pentsatu nuen Gasteizera joatea jokatzera, hango klub batekin, baina hobeto baloratu dut eta Amurrion geratuko naiz. Araba taldeak proposatu zidan, baina astean hirutan joatea Gasteizera eta ikastea ganoraz ez zitzaidan iruditzen bideragarria.