Aresketa Gimnasia Kirol Elkarteak gogoz espero zuen larunbatean egindako torneoa. Izan ere, XIII. edizioa izan arren, pandemiaren ondorioz azken bi urteotan ez dute aukerarik izan egiteko. Lehiatzeko nahi horiek ez ziren amurrioarrenak soilik, 400 gimnasta inguruk parte hartu baitzuten Bañueta Kiroldegian izandako hitzorduan. Leku ugaritik etorri ziren hainbat klub: Madril, Asturias, Errioxa edota Kantabria. Kirolariei gehitu behar zaizkie 50 entrenatzaile eta 15 epaile.
Amurrioarrei dagokienez, Aresketako gimnasta orok parte hartu zuen proban. Txikiak erakustaldian aritu ziren eta nagusiak, ordea, lehiaketan. Espainiako Estatuko klub anitzek izena eman bazuten ere, Euskal Herrikoek izan zuten presentzia nabarmenena eta askorentzat maiatzean jokatuko den Euskal Eskolarteko Jolasen prestaketa izan zen larunbateko torneoa.
Aresketa Klubeko arduradunek modu oso positiboan baloratu dute jardunaldia, baina baita denboraldi honetan elkarteak izandako emaitzak ere, orokorrean. Aintzat hartu beharra dago Amurrioko taldea sailkatu zela igandean Arabako finalerako, eta bi gimnasta -Haizea Ugartea eta Aroa Elejalde - sartu dituztela Zaragozan apirilaren 22an eta 24an erabakiko den Espainiako Txapelketan. Gainera, sentsazio onekin joango dira, Elejaldek Euskal Kopan 3. postua eskuratu baitzuen igandean.
Bestalde, Aresketak goraipatu du klubak irekirik dituela ateak eta gogoratu du mutilentzako kirola ere badela gimnasia erritmikoa.
Horrez gain, aipatu dute apirilaren 22an Melitina Stanioutak -Europako txapelduna izandako kirolari bieloerrusiarrak- master class bat eskainiko duela Bañueta Kiroldegian eta izena emateko aukera dagoela oraindik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!