Pandemiak ere ez zuen lortu Amurrioko San Jose auzoko jaiak etetea. Bi urteko egokitzapenaren ondotik, ohiko formatura itzuliko dira auzoko jaiak. Hain zuzen, ostiralean abiatuko dute festa, txupinazoarekin. Lehen txanpan haurrentzat jolasak, txokolate jana, buruhandiak eta kirol anitzak izango dira nagusi. Iluntzean, baina, kontzertuek beteko dute plaza: La Topadora eta DJ Show Partyk.
Edozelan ere, larunbatean pilatuko dira jarduera gehien. Goiza ariketa eginez hasiko dute 10:00etan, Crosstraining txapelketa antolatu du Chock Dee Gym gimnasioak eta. Eguerdian, aldiz, indarrak berreskuratzeko indaba jana prestatuko dute, bazkari herrikoia alegia. Dantzan arituko dira segidan, Kuskua elkartekoak batetik, eta haurrak bestetik. 20:00etan, berriz, urtero moduan, mariatxien emanaldia egongo da; musika jaialdia Lowe-k (1980ko hamarkadako bertsioak jotzen dituen taldea) eta Jaikide DJak jarraituko dutelarik. Igandean bukatuko dira festak, txirrindularitza lasterketarekin.