Oier Picon eta Aimar Saezek emaitza bikainekin hasi dute udaberria. Udaberriko Txapelketan beraiek eskuratu dituzte lehen bi postuak. Trinketan 22 urtez beherakoen finala jokatu zuten ostiralean elkarren aurka Oier Piconek eta Aimar Saezek. 40-25 markagailuarekin, Piconek eskuratu zuen txapela, baina Herriaren Pilota Elkarteak biak zoriondu ditu. Larunbatean, aldiz, Udaberria Txapelketa izan zen Gasteizen, eta bertan ere izan zen zabala Aiaraldeko ordezkaritza.
Udaberriko txapelketa, Amurriorentzat
Hala, Udaberriko Txapelketan ere aritu dira asteburuan eskualdeko pilotariak, Arabako beste zenbait elkarterekin batera. Senior mailako finala, gainera, Amurrio eta Laudioko kluben artean jokatu zuten. Amurrioko ordezkariak Koldo Iriarte eta Mikel Gerrero izan ziren, eta Laudiokoak Oier Picon eta Aimar Saez. Amurrioko pilotariak izan ziren garaile, 22-4 irabazita.
Amurrio eta Laudioko pilota elkarteen artean jokatu zuten Udaberria Txapelketako Senior kategoriako finala
Aurrera begira, bestelako erronkak dituzte esku artean orain bailarako pilotariek. Koldo Iriartek Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez, maiatzean hasiko dute Arabako herrien arteko txapelketa, eta bertan neurtuko dituzte indarrak eskualdeko kirolariek. "Laudio eta Amurrio beti ibiltzen dira oso goian, eta pentsatzekoa da aurten ere hor ibiliko garela txapeldun eta txapeldunorde izateko".