Danbor hotsek Amurrioko kaleak hartuko dituzte berriro ere, bi urteko etenaldiaren ostean. Pandemia egoeraren arintzeak San Prudentzio ospakizuna berreskuratzea ahalbidetu du. Gauzak horrela, ohiko danborrada eta barraskilo jana egingo dituzte datorren apirilaren 27an.
Datorren asteazkenean Frontoi kaletik abiatuko da danborrada desfilea 19:30ean. Herriko kaleak zeharkatu ostean Juan Urrutia plazan elkartuko dira Beti Jai fanfarreko kideak eta Amurrioko auzokideak danborrak astindu eta azken Erretreta jotzeko. Danborradaren ostean, ohiko barraskilo jana egingo dute 20:15etatik aurrera. Kazolatxo bakoitzak 2 euroko prezioa izango du.
Amurrioko Udalak gonbita berezia egin nahi izan die herriko haurrei azken Erretretan eta barraskilo janean parte hartzeko. Jarduera guztiak Juan Urrutia plazan egingo dituzte, baina euria eginez gero San Anton plazara mugituko dituzte ekintzak.
2020an, pandemia bete betean, balkoietatik astindu zituzten danborrak Aiaraldeko bizilagunek San Prudentzio bezperan: