Liburu Azoka egingo dute Amurrion, maiatzaren 4tik 8ra

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mai. 3a, 12:37

Elexondo pasealekuan egongo dira postuak.

14 postu egongo dira Juan Urrutia plaza inguruan, Elexondo pasealekuan.

Amurrrioko Liburu Azokak badu data: maiatzaren 4tik 8ra ospatuko dute. Urtero gai bat aukeratzen dute ardatz gisa, eta amatasuna izango da oraingoan oinarri. Euskadiko Liburu Ganbarak eta Amurrioko Udalak antolatzen dute ekimena elkarlanean, eta 14 postu egongo dira guztira, aurreratu dutenez.

Ordutegiari dagokionez, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era topatuko dituzte herritarrek etxolak zabalik. Horrez gain, bisitariek amatasunari buruzko erakusketa bat izango dute ikusgai. Gainera, literatur kontsumoa sustatzeko asmoz, aurtengo nobedadeetan %10eko beherapena eskainiko dute, "baita diskografien atalean ere, eta beherapenen gunea ere egongo da". Hala adierazi du Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azokako koordinatzaileak. 

Liburu Azokaz gain amatasunari buruzko erakusketa egongo da ikusgai, hori izango baita aurtengo feriako gai nagusia

Egileen artean Toti Martinez de Lezea, Jon Arretxe eta Kirmen Uribe nabarmendu dituzte, "baina tokiko idazleen lanak ere asko eskatzen dira: Inma Roiz, Txani Rodrigez, Miren Palacios eta Jose Luis Urrutiarenak, besteak beste".

Ohi gisa, azokak iraun bitartean zenbait idazleren presentzia espero da, "Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Inma Roiz eta Jose Luis Urrutia egongo dira printzipioz; nahiz eta garaian garai azken orduko aldaketak egon daitezkeen", erantsi du arduradunak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide