Bakunin Batailoia; apaizez jantzita gizarte amurrioar fededuna astindu zuten miliziano anarkistak

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 21a, 18:42

Bakunin Batailoiko arduradunak./ Aztarna Elkartea

Sergio Balchada Outeiralek liburua argitaratu du Gerra Zibilean alde errepublikarrean borrokatu zuten galiziarrei buruz. Horietako asko Amurrion egon ziren, Bakunin Batailoian. Bere presentziak amurrioarren arreta erakarri zuen, praktikatzen zuten ateismoak talka egiten baitzuen tokiko gizarte kontserbadorearekin.

Sergio Balchada Outerial Maringoa da, galiziarra, baina urte luzez Maroñon bizi izan da eta orain Amurrion du bizilekua. Duela gutxi 'Galegos no Exército de Euzkadi 1936-1937' liburua argitaratu du, borrokalari galiziarren esperientziak jasotzeko guda zibilean.

Horietako asko alde errepublikarrean egon ziren batailoi ugaritan. "Abertzaleak ez ziren batailoi gehienetan (anarkistetan, sozialistetan edota komunistetan) galiziarrak zeuden. CNTko Celta Batailoia ia %100 galiziarra zen", azaldu du Balchadak.

Bakunin Batailoiko milizianoak Amurrion agertu ziren apaiz arropekin jantzita, erlijioari iseka egiteko. Gainera, Reforreko liburutegi erlijiosa erre zuten, umorezko prozesioa egin ostean.

Galiziar anarkistak Amurrion

1936ko uztailaren 18ko estatu kolpeari aurre egin zioten galiziarren artean, ugariak izan ziren Aiaraldera heldu zirenak. Batzuk UGT4 Batailoian, Carlos Marx Batailoian edota Capitán Casero Batailoian -Ezker Errepublikarreko unitatea-. Dena den, gehienak Bakunin Batailoian aritu ziren.

Izenak adierazten duen moduan, talde hori anarkista zen eta CNT sindikaturekin zuen lotura. "Akratak ziren; estatua, kapitalismoa eta erlijioa desagerrarazi nahi zuten iraultzaren bidez, gizarte berdinzalea sortzeko", argitu du egileak.

Berez, Txibiarte eta Santiago mendietako hasierako borroketan parte hartu zuten -1936ko abenduan- eta kapitain bat galdu zuten, reketeek hilda. 1937an Sollubeko batailara bideratu zituzten.

(Aztarna Elkartearen irudia)

Talkak Amurrioko gizarte kontserbadorearekin

Izaera iraultzaile hori ez zen ohikoa Aiaraldean, eremu abertzalea eta fededuna. Ondorioz, milizianoak apaiz arropekin agertu zirenean eskualdean, eta tokikoen arreta erakarri zuten. "Gehienak Trintxerpen bizi ziren gerra hasi baino lehen. Marinelak ziren eta sindikatua sortu zuten. Hain zuzen, guda hasi zenean, greban zeuden eta bertan behera utzi zuten Donostian borrokatzeko estatu kolpearen kontra. Gipuzkoa matxinoen esku geratu zenean, Bizkaira jo zuten eta suposatzen dut bidean elizetan hartu zituztela apaizen arropak, fededunei iseka egiteko" aipatu du Balchadak.

Anarkisten ateismoa, dena den, ez zen hor gelditu: "Reforren izan zuten egoitza eta han zegoen liburutegi erlijiosa erre zuten. Antza, prozesio umoretsua egin zuten eta gero liburuak futbol zelaian erre zituzten".

Lezaman ere arazoak izan zituzten herriko jendearekin. Idazleak azaltzen duenez, bizpahiru miliziano meza batean agertu ziren eta apaizaren kontra hitz egin zuten. Elizan EAJri lotutako jendea ere bazegoen armaturik eta mehatxuen ondorioz, anarkistak joan egin ziren.

Estatu Nagusiko aginduak jarraiki, anarkistek fusilatu zituzten Errepublikako bost guardia, fronteko arduradunen ustez, espioiak ziren eta desertatzeko asmoa zuten.

Bakunin Batailoiaren kondaira beltza

Balchadak ez du Bakunin Batailoiaren pasarte polemikoena ekidin eta horren nondik norakoak azaldu ditu. Alegia, anarkistei leporatu dei bost Asalto Guardien -Errepublikako poliziak- fusilamendua. "Horrela izan zen, bai, Bakunin Batailoiko milizianoek 1936ko urrian bost guardia horiek fusilatu zituzten. Hala ere, borrokalari baten biografian jasotzen den moduan, ez zen euren ideia izan. Asalto Guardiak Reforren agertu ziren eta esan zuten milizianoak entrenatzera joan zirela. Ordea. Isaac Olmos batailoiko komandantea hiltzeko agindua eman zuen sektoreko Estatu Nagusiak. Sektoreko arduradunek adierazi zioten espioiak zirela eta euren asmoa zela desertatzea matxinoekin bat egiteko", argitu du ikerlariak.

Liburua

Balchadaren liburua, momentuz, galiziarrez baino ez dago argitaratuta, eta euskaraz plazaratzeko ideia mahai gainean badago ere, ez daki hori posible izango den: "Pontevedrako Diputazioak dauka azken hitza".

Atzo bertan Marinen, bere jaioterrian, aurkeztu zuen testua Sergio Balchadak eta laster Trintxerpen ere egingo du. Bere asmoa da Amurrion ere aurkezpena antolatzea: "Galiziarrez egon arren, uste dut interesdunek ulertuko dutela testua ahalegin handirik egin gabe."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide