SAN JOSEKO JAIAK

“Ilusioz gainezka gaude, eta jaiei berriro ekiteko gogo handia dugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko api. 27a, 07:00

Konfinamenduan balkoietatik ospatu zituzten auzoko jaiak. / Aiaraldea.eus

San Jose auzoko jai batzordea buru belarri aritu da azken hilabeteetan auzoko jaiak bi urteko etenaldiaren ostean berreskuratzeko. Honezkero, dena dute prest asteburuko egitarauari heltzeko, eta ilusioz beterik daude. Auzoko festak zainetan dituzte, eta pandemia garaian ere ez dira geldirik egon: balkoietatik eman izan diote kolorea auzoari.

Bi urteren ostean berriro ospatuko dituzue San Joseko jaiak, prest zaudete? Gogotsu dago auzoa?

Ilusioz gainezka gaude, eta jaiei berriro ekiteko gogo handia dugu. Auzoko jendeak urtarrilaz geroztik galdetu digu aurtengo jaiei buruz eta horregatik uste dugu ospatzeko gogo handia dutela.

Lan asko dugu zain, esperientzia galdu dugu bi urte hauetako geldialdian, baina gogo handiz egingo diegu aurre.

Berriro ere antolaketa lanetara bueltatzea zaila egin zaizue?

Lehen esan bezala, geldialdia nahiko nabarmena izan da, eta gainera, azken unera arte itxaron dugu programa on bat prestatzeko. Ez genekien zer osasun egoera izango genuen jai egun hauetan.

Hori dela eta, atzeratu egin gara programaren prestaketan, baina azken orduan pilak jarri ditugu eta jaietako kartel on bat prestatu dugula uste dugu.

Zein da prestatu duzuen egitaraua?

Jaiak hiru egunez ospatuko dira. Apirilaren 29an lehenengo ekintzak haurrei zuzenduta daude, gauean La topadoraren kontzertuaz gozatuko dugu eta gaua dj batekin itxiko dugu.

Larunbatean bazkari herrikoia egingo dugu eta ondoren, arratsaldean, hainbat kultur ekintza, dantza erakustaldia, mariatxien emanaldia eta 80ko hamarkadako musika kontzertua izango dira. Berriz ere, gaua DJ batekin amaituko dugu. 

Igandean txirrindularitza lasterketa bat ospatuko da eta San Jose parrokian ohiko jaunartze meza egingo da.

Jarduera guztiak publiko guztiak gozatzeko pentsatuta daude, txikienetatik helduenetara.

Zer ematen diete San Joseko jaiek auzoari? Zergatik dira beharrezkoak?

Duela 40 urte baino gehiagotik ospatzen diren jaiak dira, eta poztasun eta deskonexio txute bat dira auzo osoarentzat eta biztanle guztientzat. Jendeak gogoz hartzen ditu, lehenengo jaietakoak direlako eta, oro har, giro aparta sortzen delako. Auzoari bizia ematen diogula uste dugu, edo hori da gure asmoa.

San Jose jai-batzordetik jende guztia gonbidatzen dugu apirilaren 29 eta 30ean eta maiatzaren 1ean auzora hurbildu eta gure jaiez gozatzera. Giro ederra izango dugu!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide