AIARALDEKO GREBA BATZORDEA

Lan heriotzak bistaratzeko kontagailuak jartzen hasi dira

Aitor Aspuru Saez 2022ko api. 27a, 22:56

Aiaraldeko Greba Batzordeak gauzatu du ekimena eta gaur arratsaldean ekitaldia antolatu du Amurrioko kontagailua aurkezteko.

Aiaraldeko Greba Batzordeak ekitaldia deitu du gaur 18:30ean Amurrion. San Anton plaza hartu dute lan istripuen kontrako egitasmoa aurkezteko. Hain zuzen, eskualdean kontagailuak jarriko dituzte errealitate sozioekonomiko hori bistaratzeko.

Batzordeko kideek irudikatu dute eskualdean gertatutakoa esparru horretan, azken urteotan zendu diren behargin guztiak aipatuta. Zehazki, azken bi urteotan Aiaraldeko 10 lagunek galdu dute bizitza lanean. Hildako bakoitzagatik, herritar bat etzan da lurrean eta plastiko termiko batekin estali dute. Ekitaldiaren amaieran, plaza plastikoz beteta zegoen.

Hori egiten zuten bitartean, batzordeko kideek salatu dute lanean hiltzen diren behargin gehienek baldintza prekarioak dituztela. Halaber, istripuen kopuru handia azpimarratu dute, baita lan gaixotasunak -asko aitortu gabeak- edota ordainduta ez dauden zaintza lanak ere, emakumeek egiten dituztenak.

Ekitaldia amaitzeko, San Anton plaza utzi eta parte-hartzaileek herrigunean dagoen kontagailura jo dute. Lore eskaintza egin dute bertan, zendu diren langileen omenez. Kontagailuak aurten Euskal Herrian lanean erahildako langile kopurua adierazten du. Aurreratu dutenez, datozen hilabeteetan Laudion, Urduñan eta Orozkon ere jarriko dituzte kontagailuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide