Amurrioko San Jose auzoko jaietako ohiko txirrindulari lasterketa ospatu dute gaur. Eguraldia lagun, kadete kategoriako dozenaka kirolari elkartu dira bertan, San Joseko Sari Nagusia eta Arabako Txapelketa jokatzeko irrikaz.
Kirolariek 52,5 kilometroko zirkuitua osatu behar izan dute, Zaraobeko gaina bost aldiz igarota. Lehia estua izan da lehen unetik. Bigarren itzulian tropela atzean utzi du 15 lagunez osatutako ihesaldiak, eta hainbat txirrindulari atzean geratuz joan dira gutxika.
Azkenean 5 txirrindulari iritsi dira amaierako esprintera. Luyando-Ganzedo taldeko Oier Colmenero izan da helmuga gurutzatzen lehena, Harri Paskier taldekidea atzetik gertu-gertu zuela.