Leire Ugarte urduñarra izango da tokiko ordezkaria 'Poetak maiatzan' jaialdian

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 7a, 10:00
Leire Ugarte olerkaria. / Berria.eus

Curtis Bauer estatubatuarrarekin, Carmen Vargas sevillarrarekin eta Idoia Carramiñana bilbotarrarekin arituko da Aiaraldeko olerkaria.

Aurten ere 'Poetak Maiatzan' jaialdia helduko da Amurriora. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, sustatzen dute ekitaldia eta ez da eskualdea bisitatuko duen lehen aldia izango. Aurten, dena den, eskualdeko ordezkari batek parte hartuko du. Zehazki, astelehenean, maiatzaren 9an, Leire Ugartek bere olerkiak irakurriko ditu bai Aresketa Ikastolan zein La Casonan. Ikastetxean 12:00etan izango da hitzordua hezkuntza zentroko gazteekin eta La Casonan, ordea, 19:00etan.

Ugarterekin batera Texasko Curtis Bauer, Sevillako Carmen Vargas eta Bilboko Idoia Carramiñana bertaratuko dira. Poesia errezitatu ez ezik, publikoarekin solasaldia ere izango dute.

Leire Ugartek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari antzerkiko munduko lagun batek proposatu ziola parte hartzea eta horretarako zuzendaritzaren helbidea eman ziola. Urduñarrak berandu idatzi zion antolakuntzari eta egitaraua, printzipioz, erabat itxita zegoen. Hala ere, "euskarak ez zuen presentziarik, are gutxiago gazte euskalduna izanda, hortaz, toki bat egiteko moldatu ziren", azaldu du Ugartek.

Maiatzaren 9ko emanaldiaz gain, beste bat izango du Los Cañosen hilaren 20an.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide