Iazko greban Tubacexeko langileek jasotako elkartasuna eskertzeko jaia egingo dute ekainaren 18an

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 9a, 18:03

Mobilizazio jendetsuak ekarri zituen Tubacex enpresako langileen grebak. / Aiaraldea.eus

Grebalarien talde batek ospakizuna antolatu du Amurrion, eskualdean izandako babes handia eskertzeko. 

“Eskerrik asko, Aiaraldea!!!” izenburuarekin, Tubacex enpresako langile talde bat jaia antolatzen ari da ekainaren 18an Amurrion. Beharginek aitortu nahi dute iazko greban jasotako laguntza: “Lehen egunetik, babes eta elkartasun handia jaso genuen inguruko enpresa-batzordeen, saltokien, elkarteen, udalen, partikularren eta abarren eskutik. Babes eta elkartasun hori are nabarmenagoa izan zen kaleratutako pertsonen izenak ezagutu zirenean, non gainerako langileek eurena egin zuten 'edo guztiak edo bat ere ez' leloa”.

Antolatzaileen ustez, elkartasun hori modu anitzetan adierazi zen eta keinu mota guztiak eskertzekoak izan dira: “Laguntza ekonomikoa jaso genuen Kutxari egindako ekarpenen bidez, zozketak, laguntza Amurrioko eta Laudioko ateetan muntatutako piketeetara janaria eramanez, manifestazio eta kontzentrazio ugarietan lagunduz eta animatuz, sare sozialetan ikusgarritasuna emanez, balkoietan banderak jarriz…”.

Egitaraua

Ekainaren 18an hiru gune hartuko dituzte:

  • Parkean 11:00etatik 13:30ak bitartean umeentzako jolasak egongo dira, Kirikino Aisia Taldeak antolatuta.
  • 14:30ean herri bazkariaren ordua helduko da Matias Landaburu ikastetxe ohiaren jolastokian. Berez, Rakataplak prestatuko ditu menuak. Tiketak eskuragarri egongo dira laster.
  • Azkenik, Juan Urrutia plazan  Cuatro Bancos, Gwa Ya, Chiki Lora eta Aiaraldeko Sound System taldeek kontzertua eskainiko dute 21:00etan.

“Espero dugu egun hau lankideen, familien, kolektiboen eta, oro har, gurekin nolabait kolaboratu zuten guztien arteko topagunea izatea. Horregatik, antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu” adierazi dute antolatzaileek.

Gogoratu beharra dago Tubacex enpresako grebak 236 egun iraun zuela zuzendaritzak egin nahi zituen 128 kaleratzeen aurka eta hilabete horietan guztietan piketeek babes zabala jaso zutela Laudion zein Amurion.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide