Aste bizia da hau 'Spiderabel' Fernandezentzat. Berez, atzo hasi zuen Logroñon, Sara Calvo ADELA-Gasteiz elkarteko presidentearekin. Biek Errioxako hiriburura jo zuten. Izan ere, hitzaldia antolatu zuen unibertsitateak alboko esklerosi amiotrofikoaren esparruan lan egingo duen elkartea sustatzeko. "Errioxa da gaixotasun horren kontra lan egiten duen elkarterik ez duen erkidego bakarra Espainiako Estatu osoan", argitu du Fernandezek.
Elkartasun jardueretan ezagutu dira Juan Carlos Unzué eta 'Spiderabel' Fernandez
Prestatutako ekitaldian Juan Carlos Unzuék hartu zuen hitza. Hitzaldia eskaini zuen Osasuna, FC Barcelona, Sevilla edota Tenerife futbol klubetan ibilitako futbol jokalari eta entrenatzaile ohiak.
Berez, Orkoiengo kirolariak ere alboko esklerosi amiotrofikoa dauka eta egun aulki gurpildunean dago. Solasaldiaren ostean, Spiderabelekin egon zen, elkar ezagutzen baitute elkartasun erronkak direla medio. "Larunbatean egingo dugun erronkan parte hartu nahi zuen, baina Sevillan dauka beste hitzordu bat", azaldu du amurriorrak.
Capitan VS ELA´ngliru
Larunbatean, aldiz, Aiaraldeko kirolariak lasterketa polita izango du, Angliru mendikatea igoko baitu, baina ez lehiaketa batean. Hain zuzen, Ezina Ekinez Egina taldeak txandaka eramango du aulki gurpilduna Josei Luis Capitan garraiatzeko. Madrildar horrek dauka mendikate asturiarraren igoera azkarrenaren marka. Alegia, 2005ean egin zuen eta ordubeteko eta 36 segundoko denbora ez du inork hobetu orduz geroztik, nahiz eta saiakerak ez diren falta izan.
Egun, ordea, Capitanen osasun egoera ez da onena. Alboko esklerosi amiotrofikoak aulki gurpildunean utzi du eta ez zuen uste Angliru inoiz berriro igoko zuenik. Baina, dokumental bati esker, Spiderabelek bere historiaren berri izan zuen eta proposatu zion mendikatera berriro igotzea.
Angliru mendikatera igoko dute Ezina Ekinez Egina elkarteko boluntarioek Jose Luis Capitan. Kirolariak igoera azkarrenaren marka dauka, baina aulki gurpildunean dago gaur egun
Capitan ez zegoen guztiz ziur. Hortaz, amurrioarra bere anaiarekin joan zen Oviedora, eta probatu egin zuen aulki egokitua. Jose Luis Capitanek baieztatu zuen igoera egin ahalko zuela eta horren ostean ekin zion dena antolatzeari. Azkenean, proposamena elkartasun erronka bilakatu da eta jadanik 200 lagunek baino gehiagok eman dute izena.
Gauzak horrela, larunbatean Ezina Ekinez Egina elkarteko boluntarioek txandaka egingo diete aurre Angliru malkartsuari, hara itzultzeko ametsa betearazteko Jose Luis Capitani. Amurrioko eta Aiarako Udalek ere lagundu dute ekimenean.