Bi urteren ostean Amurrioko Parkera bueltatuko da Txakolin Eguna. Nola doaz antolaketa lanak?
Energiaz beteta gatoz 2022ko Txakolin Egunera. Edizio asko egin ditugu honezkero, baina badirudi geldialdiak honen antolaketa gogotsuago hartzera eraman gaituela. Ilusio handia daukagu, berriro ere hasiko bagina bezala.
Edizio polita izango da. Upategi eta elkarteko kideok bakarrik ez, herritarrak ere oso gogotsu ikusten ditugu.
Zer prestatu duzue edizio honetarako?
Aurreko edizioetako eredua mantenduko dugu. Parekeko jai-eremuak arrakasta handia izan du azkenaldian. Bertan upategi guztiak egongo dira ordezkatuta, eta jendeak hauen produktuak dastatu eta erosteko aukera izango du. Eskaintza gastronomikoa ere zabala izango da.
Arratsaldean, jendeak aspalditik egindako eskaera bati erantzunez, jai-giroa erromeria batekin luzatuko dugu. Hori izango da aurtengo edizioko berritasun nagusia. Igandea izanik, ez da beranduarte luzatuko, baina bai arratsaldeak bazkalosteko giroan harrapatzen dituen horiek animatzeko.
Iaz ere antolatu zenuten uztaren aurkezpen ekitaldia, ekimen xumeagoa izan bazen ere.
Gainerako sekotreetan bezala, guk ere gure burua berrasmatzeko beharra izan dugu. 2021ean pandemiara egokitu genuen Txakolin Eguna. Nolabait eskua altxatu eta Arabako upategiok hemen jarraitzen genuela aldarrikatzeko.
Gu ez bezala, naturak ez du etenik egin pandemiak iraun duen bi urte hauetan. Ziklo begetatiboek berdin jarraitu dute, eta, ondorioz, uztak ere berdin berdin egin izan ditugu. Ahal izan dugun neurrian asetu ditugu bezeroen eskariak.
Zer nolako garrantzia dauka Txakolin Eguna bezalako ekimen batek?
Guretzako garrantzitsua da, urtean behin bada ere, lurraldearen eguneroko zirkustantzien protagonista izatea. Bereziki Arabako Txakolina jatorri deitura, arabarra bada ere, nagusiki aiararra dela gogorarazi eta aldarrikatzeko. Izan ere, Aiarako Kuadrilla osatzen duten bost udalerriak dira jatorri deituraren kokalekua.
Oso inportantea da guretzako kalera ateratzea gure produktuarekin eta eskualdeko jendeak upategien atzean gaudenoi aurpegia jartzea, baita kontsumitzaileen feedback-a jasotzea. Aiaraldearrak baitira gure txakolinaren bozeramaile nagusiak, eta hori harro egoteko modukoa da.
Nor omenduko duzue aurtengo edizioan?
Aurten nahitaezko errekonozimendua egin behar genuen, eta hala egingo dugu. Slow Food Arabako ordezkari izan de Alberto Lopez Ipiña omenduko dugu. Ustekabean utzi gintuen duela gutxi, eta merezitako errekonozimendua da berea, lehenengo ediziotik egon da gu laguntzen.
Horrez gain, udalbatza aretoan egingo dugun hasiera ekitaldian Arabako Txakolinaren 2022ko enbaxadorea iragarriko dugu. Aurten, Miren Eskarmendi kazetaria izango da. Berak izango du gure produktuak mundura proiektatzeko ardura, kazetaritza mundutik aukera asko daude gure txakolinari ateak irekitzeko, eta hori oso garrantzitsua da.
Nolakoa izan da 2021eko uzta?
Aurreko edizioa baino laburragoa izan zen 2021eko uzta. Natura horrelakoa da, eta garai oparoak uzta eskasagoen aurrekari izaten dira, eta kasu honetan ere hala izan da. 2020ko uztan produkzio errekorra hautsi genuen ia. 2021ean ordea behera egin du produkzioak, %20 gutxi gora behera aurreko urteekin alderatuz gero.
Arrazoi desberdinak tarteko, baina nagusiki gure eskualdean endemikoak diren arrazoi naturalak daude guzti horren atzean: udaberriko izozteak eta hezetasun parametroak.
2021eko uztan Mildiu onddoaren aurka borrokan aritu gara etengabe. Hezetasun baldintzek asko erraztu dute honen agerpena. Guzti horrek eragin du uztaren beherakadan, ez ordea produktuaren kalitatean. Kezkatuta geunden hasieran, uzta sasoia zetorren eta heldutasun-indizeak ez ziren guk nahi genituenak. Pixkat gehiago itxaron genuen, eta lortu genituen esperotako alkohol-graduazio eta heldutasun indizeak.
Oso pozik gaude emaitzarekin, eta merkatuak asko zoriondu gaitu.