Tubacexeko greba amaitu da, baina Erresistentzia Kutxa indarrean dago oraindik. Hala ere, bere filosofia aldatu nahi duzue, ezta?
Bai, nahi dugu tresna hori eskualdeko beste borroka batzuek baliatzea, baina orain hori ezinezkoa da, ia ez dugu dirurik. Hala ere, apurka-apurka ikusiko dugu. Aldatu nahi ditugu estatutuak beste borroka batzuk laguntzeko.
Izan ere, Erresistentzia Kutxa sortu genuenean, estatutuetan jaso genuen bere helburua zela Tubacexeko langileen gatazkan eragitea, une hartan, bere ekintza Tubacexera mugatzeak konfiantza eta adostasun handiagoa sortzen zuen gure artean. Horrek zailtzen du beste gatazka batzuei gure babesa ematea, baina besteen dirua erabiltzeak beti sortzen ditu mesfidantzak eta zehaztapen horrekin horiek murrizten saiatu ginen. Orain, estatutuak eraldatu behar ditugu bestelako gatazketan laguntzeko Aiaraldean. Prozesu horretan gaude.
"Erresistentzia Kutxa sortu genuenean, estatutuetan zehaztu genuen Tubacexeko langileen gatazkara bideratuko zela bakarrik, baina orain beste batzuek ere erabiltzea nahi dugu"
Ez da ahaztu behar, gainera, jatorrizko estatutuetan badagoela ere tokiko merkataritzaren mesederako ekintzak egitea, eta hori mantendu nahi dugu. Kanpaina, zozketa edo bonoren bat sustatu nahi dugu.
Tokiko merkatariek eta ostalariek lagundu gintuzten eta mesedea itzuli behar diegu. Estatutuetan propio aipatzen da behin gatazka amaituta, kutxaren %33 bideratuko dela horretara, gutxienez.
Momentuz, jendea dirua itzultzen ari da eta, ondorioz, ez dugu gaitasun ekonomiko nahikorik hori egiteko, baina etorkizunean egin nahi dugu. Eredua asmatu behar dugu horretarako, jakina.
Zein da Erresistentzia Kutxaren egoera orain?
%11-12 bueltatu dute, baina diru horrekin isunak ordaintzen ari gara. Aintzat hartu beharra dago greba hain luzearen ostean, jendeak denbora behar duela ekonomikoki egonkortzeko.
Are gehiago, greba bukatu ostean, bizpairu langilek laguntza eskatu behar izan dute.
Behargin askok eskatu dute kutxaren babesa?
Guztira 68, zehazki.
Isunak aipatu dituzu, zein da horien egoera orain?
Oraindik airean dago zenbat helduko diren. Izan ere, isun gehiago jasotzeko epe barruan gaude. Momentuz, 2.000 euro inguru ordaindu ditugu isunetan eta beste 8.000 euroko isunak daude mahai gainean, baina ez dakigu kentzeko aukera egongo den. Beste isun batzuk sindikatuak ari dira bideratzen.
"Momentuz 2.000 euroko isunak ordaindu ditugu eta beste 8.000 euro daude ordaintzeke. Halaber, epaiketak izan behar dira oraindik eta isun gehiago heltzeko epean gaude"
Horri gehitu behar zaio auziperatuak dauden langileek zigor ekonomikoak jaso ditzaketela. Guztira, hamazazpi lagun daude zigor mota horien mehatxua dutenen zerrendan, eta batzuek isun bat baino gehiago jaso dute. Esaterako, batek hiru isun metatu zituen goiz bakarrean.
Epaiketen eskaerak oso handiak badira, kanpaina abiatu beharko dugu, momentuz ez baitago dirurik denari aurre egiteko.
Berez, zenbait erakundek gatazka honetan izan duten portaera tamalgarria izan da. Eusko Jaurlaritza zuzendaritzaren bertsioaren bozeramaile izan da, Urkulluk Legebiltzarrean testu bat irakurri zuen, langile guztiok ezagutu genuena. Izan ere, puntuz puntu errepikatzen zuen, eta hitz berberekin, Tubacexeko CEOaren komunikatu bat.
Gainera, Arantxa Tapia sailburuak behin eta berriz errepikatu digu gure kaleratzeak beharrezkoak zirela enpresaren biziraupenerako (zer pentsatuko du orain Tubacexeko emaitza izugarri onak ikusita?).
Lehendakariorde eta segurtasuneko sailburuak Ertzaintzaren furgonetak bidaltzen zizkigun, kaputxadunekin, langileei eragin, isuna jarri eta erasotzeko. Lehendakariordea eta Lan eta Enplegu sailburua ere isilik zeuden 129 langile kaleratzen zituzten bitartean, eta, aldi berean, 1.300 milioi euroko diru-laguntzak jasotzen zituzten Tubacexek egingo duen hidrogenoaren korridorearen proiekturako.
Diputatu Nagusiak AHT eta Saratxoko autobia inauguratzearekin lanpetuegi zegoela suposatzen dut, herri honetan bertan galtzen ziren enpleguei begiratzeko. Laudioko eta Amurrioko alkateei dagokienez, haien babesaren falta sumatu da, dirudienez, beren alderditik emandako jarraibideak bete besterik ez dute egin.
Ikusi nahiko nituzke Tubacexeko zuzendaritzarekin biltzen, Eusko Jaurlaritzari presioa egiten irtenbide bat lortzeko, langileei publikoki eta berariaz babesa ematen, batez ere, enpresaren gezurrak agerian utzi zituen epaiaren ondoren (horietako batzuk oso patetikoak izan ziren, petrolioak inoiz ez zuela 40 dolar baino gehiago balioko esaten zutenean, adibidez).
"Gabriel Rufianen aipameni esker, diru ugari heldu zen Erresistentzia Kutxara Kataluniatik"
Sinestezina da gehiago sentitzea Kongresuko politikarien babesa, hala nola Oskar Matute, Gabriel Rufian, Joan Balodovi, Yolanda Díaz ministroa, Mertxe Aizpurua, Ion Iñarritu... Izan ere, Kutxarentzat oso aipagarria da Gabriel Rufianen kasua, sare sozialetan emandako babes keinu publikoek ekarpen garrantzitsuak ekarri dizkigulako Kataluniatik, baita Antonio Maestre kazetariak Madrildik egindakoak ere. Ez ditut ahaztu nahi Los Chikos del Maiz taldeak egindakoa eta Yandiolak egindako ekarpen ekonomikoa.
Sare sozialak oso garrantzitsuak izan dira Kutxarentzat, lankide batzuk horietan murgildu dira babesa bilatzeko. Haien lana funtsezkoa izan da.
Orain nola antolatzen zarete Erresistentzia Kutxan?
Une hauetan oso erraza da, soilik kudeatu behar dugu jendeak itzultzen duen dirua, ez dago sarrera gehiagorik.
Harro gaude orain arte eginiko lanaz. Bere unean sumatu genuen beharrezkoa zela Kutxa sortzea eta aurrera egin genuen. Hor daude zenbakiak: ia 70 lagun babestu ditugu eta, gure iritziz, Kutxa gakoa izan da gatazkan. Oso garrantzitsua izan da heldu garen tokira heltzeko.
"Erresistentzia Kutxa gakoa izan da greban. Ia 70 langile lagundu ditugu, baina garrantzitsua izan da ere lanera sartzeko aitzakiak jartzeko aukera kendu diogula jendeari"
Langileen beharrak asetu ditu. Baina, aldi berean, jendeari aitzakiak jartzeko aukera kendu dio. Inork ezin zuen esan sartzera zihoala dirurik ez zuelako, kutxa horretarako baitzegoen. Uste dut grebaren norabidean erabakigarria izan dela. Zortzi hilabete lan egin eta kobratu gabe egotea oso gogorra da eta beharrak ugariak ziren. Beharrak, zalantzak, beldurrak, presioak... bakoitzak bereak.
Zuen aurreikuspenak gainditu zituen Erresistentzia Kutxaren gaitasun ekonomikoak?
Bai, erabat. Nire kideek esaten zuten hasieran: "Ea 50.000 euroko ekarpenak jasotzen ditugun", eta niri ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Azkenean, 100.000 euro baino nabarmen gehiago sartu ziren eta behar beharrezkoak izan dira.
Soilik zergetan 15.000 euro inguru ordaindu behar izan ditugu. Aholkularitza zerbitzu baten laguntza behar izan genuen dena kudeatzeko eta aho bete hortz geratu ziren ikusi zutenean zenbat diru batu zen gatazkari eusteko. Ikaragarria izan zen, inork ez zuen uste horrenbesteko laguntza jasoko genuenik.
Pertsona askoren ehunka euroko ekarpenak izan ditugu, baina, batez ere, sinestezina zen 5-10 euroko ekarpen txikiei esker zenbat diru sartzen zen ikustea, diru-sarrera horiek egiten zizkiguten pertsonen zerrenda amaigabea ikustea beti da hunkigarria.
Nola hartu zenuen babes zabal hori?
Oso eskertzekoa izan da. Greban sartuta, berotasun hori izatea ezinbestekoa izan da, ezin izan geniokeen eutsi gizartearen babesik gabe. Hori oso garrantzitsua izan da.
Ezin ditugu ahaztu beste enpresa batzuetako langileen elkartasuna. Adibidez, Tubos Reunidoseko beharginak etortzen ziren ia egunero hasieran, ITP, Vidrala, Guardian, Envases, JEZ, LIDL, Mubea, Petronor... eta hori oso inportantea izan zen taldea indartzeko.
Nolako giroa sortu du grebak orain zuen artean, lanean zaudetela?
Zortzi hilabetez egon gara guda batean. Hasieran gogorra izan zen, nahi genuen guztia ez baikenuen lortu, baina garrantzitsuena bai. Zuzendaritzak badaki orain langile talde indartsu eta batua garela. Ia guztiok borrokatu ginen euren kontra.
"100.000 euro baino gehiago elkartu genituen kutxan eta ekarpen asko 5-10 eurokoak ziren. Hunkigarria zen ekarpena egiten zuten pertsonen zerrenda nola luzatzen zen ikustea"
Zortzi hilabete hauetan, gainera, lagun min ugari egin ditugu. Piketean benetan ezagutu dugu elkar. Piketera joatea terapiara joatea bezalakoa zen niretzat, egunero lagunekin hitz egiteak gogor eusteko indarra eman dit borrokan, une txarra izan dudanean, haiek animatu naute eta ni ere gauza bera egiten saiatu naiz euren une txarretan.
Zuzendaritzak ez dut uste gatazka errepikatzeko gogorik duenik, beraiek hasitako alferrikako gerra galdu dute eta, gainera, enpresari diru asko galduarazi diote, 30 milioi euro baino gehiago. Hordagoa bota eta galdu egin zuten.
Lantegian atal batzuetan giroa hobea da orain lehen baino. Hala ere, tentsio uneak ere badaude, piketeetara etorri ez zen jendearekin, adibidez. Askotan pena handia ematen dit, jakitun bainaiz pertsona horietako askok gaizki pasatu dutela, taldekideengandik urrundu zirela eta talde-terapia, elkartasuna, konpainia eta piketearen indarra faltan izan dutela.
Dena den, gatazka honen ondoren, denok dakigu orain irabaztea posible dela, eta lehen hori zalantzan zegoen. Gogorra da, baina egingarria. Nik oso argi nuen. 2001ean ere gatazka egon zen eta bi edo hiru hilabetez lanuzteak egin behar izan genituen helburuak betetzeko. Horregatik argi nuen, baina askok ez zekiten, ez zutelako antzeko egoerarik bizi izan. Hori ere oso garrantzitsua da eta izango da etorkizunean.
Zuzendaritzaren jarrera aldatu da?
Ez. Une historiko edo koiunturala izan zuten euren mesederako: pandemia, eskaeren murrizketa... Uste zuten euren esku zutela zenbait helburu eta oraindik ere xede horiek mantentzen dituzte. Ezin dute euren burua galtzaile moduan saldu.
Hala ere, nik aldaketak espero ditut. Zuzendaritzako kideak aldatzea. Tubacexek galera handiak izan ditu COVID osteko aldian. Geldirik egon da behar ez zen hordago baten ondorioz, beste siderometalurgia-enpresa batzuek etekin historikoak lortu dituzten bitartean. Giza Baliabideen Zuzendaritzan aldaketarik ez badago, nola presionatuko gaituzte produkzio-minutu bat ere ez galtzeko? Aldaketa falta horrek motibazioa galtzea eta apatia sortzen ditu.
Momentuz, arduradun asko joan dira. Ez kargu altuak, baina arduradunak. Dirudienez, zuzendaritzari langileak kaleratzen laguntzeko autobus baten gainean ibiltzea ez da ikusarazi nahi zuten bezain barregarria, ezta atsegina ere, 'ratabusak' ez zuen 'barrebusaren' antzik.
Nolanahi ere, garrantzitsuena da gu geu aldatzea, gure gaitasunaz eta indarraz jabetzea eta negoziazio-mahaietan hori baliatzea, gure ikuspuntu desberdinetatik, baina zuzendaritzak gure lankideen aurka egin dezakeen edozein bidegabekeriaren aurka borrokatzeko gaitasuna galdu gabe.
Zuzendaritza hau mertzenarioek, boterearen eta diruaren yonkiek osatzen dute, bonus eta epe laburreko emaitzen bila. Monopolyko jokalari horientzat, ez du axola 150 familia lur jota uztea edo 60 urteko historia duen fabrika bat txikitzea, baina orain badakite aurrean izango gaituztela eta ez garela makurtuko.