Amurrioko EH Bilduk iragarri du astelehenean on-line galdetegia abiatuko duela gazteen artean, euren emantzipazioari buruz. Gai hori lantzeko premia sumatu dute eta ezinbestekoa ikusi dute lanketa gazteekin batera eta modu parte hartzailean egitea. Egitasmoa ekainaren 1era arte egongo da indarrean eta gero diagnostikoa egiteari ekingo diote. Emaitzak zabaldu eta jarduera zehatzak proposatuko dituzte orduan.
Irune Iturbe koalizioko zinegotziak horrela azaldu du: “Emantzipazioa beharrezkoa da bizi proiektu bat garatzeko. Horretarako, oinarrizko urrats eta eskubide bezala ulertzen dugu etxebizitza eskuratzea”.
Hala ere, Iturbek iritzi du etxebizitzaren prezio altuak eta gizarteko sektore askok bizi duten prekarietate egoerak zaildu egin dutela etxebizitzarako eskubidea bermatzea, bizi-proiektu duinak aurrera eraman ahal izatea, alegia.