Harrera beroa jaso dute Erasmus+ programaren barruan Amurrioko Amaurre ikastetxera etorritako Finlandia, Irlanda eta Maltako ikasleek. Asteburuan iritsi ziren Amurriora eta gaur izan dute lehenengo eguna ikastetxean. Bertan egin dute harrera ekitaldi ofiziala: agurra dantzatu eta bi bertso eskaini dizkiete ikasle amurrioarrek atzerritik etorritakoei. Eguerdian Udaletxea bisitatu dute, eta Txerra Molinuevo alkateak ongi etorria eman die herrira.
Astebete igaroko dute Aiaraldean euskara eta euskal kultura ezagutuz. Bigarren hizkuntzak ardatz, duela bi urte abiatu zuen Amaurre ikastetxeak lankidetza proiektua. Finlandia eta Irlanda bisitatu ostean, Amurrio dute hirugarren geldialdia, eta urrian Maltan emango diote amaiera ekimenari.