Galder Barbado gazte amurrioarrak azken astean Guardia Zibilaren aldetik jasotako jazarpena salatzeko agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Sorturen egoitzan. Bertan izan dira Barbado bera, Ainize Gastaka Martinez abokatua eta Haimar Altuna Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako arduraduna.
Espainiako Estatuko aparatuek "demokratizatu gabe" jarraitzen dutela salatu du Altunak, eta Espainiar Gobernuari exijitu dio pertsona guztien eskubide politiko eta zibilak errespetatzeko: "Ekin diezaiotela aparatuen demokratizazioari. Eten dezatela frankismoaren herentzia".
Jazarpena eta kolaborazio eskaintza
Galder Barbadok jasandako jazarpenaren nondik norakoak azaldu ditu agerraldian. Duela hiru aste Guardia Zibilaren kontrol batean gelditu zuten eta, Barbadoren hitzetan, "hasieran kontrol normal bat zena, iraganekoa beharko lukeen amets gaizto bilakatu zen eta kolaborazio eskaintza egin zidaten".
"Hasieran kontrol normal bat zena, iraganekoa beharko lukeen amets gaizto bilakatu zen eta kolaborazio eskaintza egin zidaten"
Gazteak azaldutakoaren arabera "kontrolean ordu erdi geldirik egon ostean kamuflatutako bi auto agertu ziren, eta ia denek zuten aurpegia estalirik. Beraietako batek hitz egiten zuen soilik eta Harley ezizenarekin aurkeztu zuen bere burua". Harley izeneko Guardia Zibilak lehen kolaborazio eskaintza egin zion orduan, Barbadoren egoeraren jakitun zela, eta laguntza eskaini ahal ziola esan zion.
Barbadok uko egin zion Guardia Zibilaren eskaintzari, baina honek non bizi zen bazekiela gehitu, eta bi asteren buruan elkar ikusiko zutela mehatxatu zuen. Aurreko astean, gazte amurrioarrak Harley delakoaren telefono deiak eta SMS bidezko mezu bat jaso zituen bere telefono pertsonalean, elkar ikusteko eskaintza berri bat eginez. Barbadok bakarrik ez, gaztearen lagunek ere jaso dituzte Guardia Zibilaren deiak Amurrioko gaztearengatik galdezka.
Galder Barbadok ez ezik bere lagunek ere jaso dituzte Guardia Zibilaren deiak, gaur goizeko agerraldian salatu dutenez
Aste honetan bertan gainera, kalez jantzitako poliziak atzetik jarraika izan dituela salatu du Barbadok gaurko agerraldian. Astelehenean, maiatzaren 16an gertatu zen hori: "Atzetik nuena polizia zela ikusterakoan kotxetik jaitsi eta berarengana joan nintzen herritik alde egin eta bakean uzteko eskatuz. Berak barre egin zuen, eta geldirik geratu zen denbora luzez ni joan nintzen arte".
Galder Barbadok azken hilabetean Guardia Zibilaren eskutik jasandako jazarpena eta kolaborazio eskaintza ezberdinak salatu ditu.
— Sortu Aiaraldea (@SortuAiaraldea) May 20, 2022
Nazkatuta gaude. Utzi Amurrio bakean, utzi Aiaraldea bakean.
Alde hemendik txakurrak!
EZ GAITUZUE GELDITUKO!! pic.twitter.com/nXh77JFo1N
Galder eta Aitorren kasua
2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Galder Barbado gazte amurrioarra atxilotu zuen Entzutegi Nazionalaren aginduz. Arabako Dura herrian material lehergarriarekin aurkitutako zulo batekin erlazionatutako operazioa zela zabaldu zen segituan. Operazio berdinean Aitor Zelaia gasteiztarra ere atxilotu zuten.
Bi gazte arabarrek sei hilabete igaro zuten behin-behineko espetxealdian; Madrilgo Soto del Realen aurrena, eta Zaragozako Daroca espetxean gerora, Amurriotik 367 kilometrotara. 2019ko abuztuan baldintzapean aske geratu ziren Entzutegi Nazionalean egitekoa zen epaiketaren zain.
Atxiloketatik bi urte igaro ostean, 2021eko urtarrilaren 21 eta 22an, egin zen bi gazteen aurkako epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat, material lehergarria helburu terroristekin gordetzea egotzita. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune kasua eraman zuen epaile berdina.
Murillok 4 urteko espetxe zigorra, urte bateko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zien Barbado eta Zelaiari, "lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzita.
Defentsak helegitea aurkeztu zuen, Barbado eta Zelaiaren errugabetasuna aldarrikatu eta epaiaren baliogabetzea exijituz. Fiskaltzak ere berdina egin zuen, hasierako 8 urteko espetxe zigor eskaria berretsiz. Urte bat igaro da helegiteak aurkeztu zirenetik eta epaia egun batetik bestera atera daitekela ziurtatu du ANkerkeriari STOP plataformak. Hori dela eta, ugariak izan dira azken hilabeteetan abian jarritako elkartasun dinamikak. Bien bitartean bi gazteen eguneroko bizitzak baldintzatua jarraitzen du.