BIDEO ERREPORTAJEA

Greba egunak Arabako metalgintzan, hitzarmen duin baten alde

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 24a, 23:21

Arabako Metaleko bigarren greba eguna egin dute gaur. Sektore horretan lan egiten duten hainbat langilek egin dute bat goizeko piketeetan. Eguerdian, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egin da Laudion. 

Arabako metala greba ziklo betean dago buru-belarri sartuta. Sektoreko lan hitzarmena negoziatzeko mahaiak 25 urte darama geldirik eta egoera horren aurrean mobilizatzeko deia zabaldu dute metalgintzako sindikatuek. Hain zuzen ere, hiru greba egun deitu dituzte ELAk, CCOOk, LABek, USOk, ESK-k eta CGT-k, SEA patronalaren “immobilismoa” gainditzeko helburuarekin.

Maiatzaren 18an egin zuten lehen lanuztea, eta gaur -maiatzak 24- egin dute bigarrena. Ostegunean dute deitua azken greba eguna, baina ez dute mobilizazio berririk egitea baztertzen.

Aldarrikapenak

Lan hitzarmen duina erdiestea dute helburu langileek egun hauetako mobilizazioekin. Bertan, KPIaren araberako soldata-igoera exijitu dute, 14 ordainsarietan banatutako 1.400 euroko gutxieneko soldata jasotzeko. Lanaldiaren jaitsiera ere aldarrikatu dute, “pertsonak erdigunean jarri eta zaintza lanak eta kontziliazioa errazteko”.

Sektoreak bizi duen prekarizazioa ere jarri dute jo-puntuan langile mobilizazioek. Horretarako, azpikontraten langileen subrogazioa eskatu dute ABLEei eta behin-behienkotasunari mugak jarriz, besteak beste.

Lan osasuna da zentral sindikalek lan hitzarmenaren negoziazioan erdigunean jarri duten beste gai nagusietako bat. Langileen ordezkarien arabera urtean 2.000 lan-istripu baino gehiago jasotzen dira Arabako metalgintzan, eta hauekin amaitzeko neurri errealak eskatu dituzte. 

Ozen aldarrikatu nahi izan dute exijitzen ari diren hobekuntza guztiak sektoreko langile guztientzat ari direla eskatzen. “Lan eta bizitza duin baterako bermeak ari gara aldarrikatzen” azaldu zioten Aiaraldea Komunikabideari ELA eta LAB sindikatuko ordezkariek mobilizazioaren ostean; “onartezina da Arabako metalgintzan lana duen behargin bat pobreziara kondenatuta egotea”.

Oihartzuna eskualdean

Greba egunak eragin nabaria izaten ari dira Araban zein Aiaraldean. Sektoreko tailer txiki gehienak itxita daudela nabarmendu dute sindikatuetako ordezkariek. Fabrika handietan ere agerikoa da lanuzteen eragina. Tubacexek, esaterako, gelditu egin du bere produkzioa greba egunetan eta berdina gertatu da beste hainbat lantegietan. JEZ fabrikan, esaterako, grebaren jarraipena %70ekoa izan dela azpimarratu dute langileen ordezkariek. Tubos Reunidosen ere hainbat sekzio geldirik izan direla azaldu dute bertako LAB sindikatuko ordezkariek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide