Inhar Minguez Astorika gazte amurrioarrak irabazi du Amurrioko Jaien kartel lehiaketa. Astelehenean egin zuten sari banaketa La Casonan, lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak biltzen dituen erakusketa aretoan bertan.
Minguezek 'Entropia' izenarekin aurkeztu du bere lan irabazlea. "Fenomeno fisikoa da entropia, desordenerako joera. Jaietan ere, pertsonoi, antzeko zerbait gertatzen zaigula deritzot eta hori adierazi nahi izan dut kartelean", azaldu zuen Minguezek asteleheneko sari banaketan. Aipatu zuenez, oso eskertua dago saria jasotzeagatik: "Amurriokoa izanik, modu berezian bizi ditut jaiak, eta hainbatetan aurkeztu naiz kartel lehiaketara".
Epaimahaiak Minguezek erabilitako teknika eta proposamen berritzailea baloratu ditu saria ematerako orduan. Horrenbestez, aurten gazte amurrioarraren sorkuntza lanak jantziko du jaien programazioko azala.
Programazioko kontrazalak Irune Barañano gaztearen marrazkia izango du, berak irabazi baitu kategoria horretako lehen saria. Sei urteko gaztea da Barañano, eta bere marrazkian erakutsitako "talentu goiztiarra" izan da epaimahaiaren aldeko iritzia jasotzeko pisuzko arrazoietako bat.
Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Amurrioko la Casonan egongo dira ikusgai, maiatzaren 27ra arte.