Erasmus+ izeneko proiektu batekin etorri zara Amurriora. Zertan datza proiektua?
Duela bi urte abiatu genuen hainbat ikastetxeren arteko proiektua da Erasmus +. Honen ardatza bigarren hizkuntzak ezagutzea eta lantzea da. Ni irlandarra naiz, ingelesa hitz egiten dugu nagusiki baina gure herrialdean irlandera (Gaeilge) ere hitz egiten da.
Proiektuak harremanetan jarri ditu Finlandia, Malta, Irlanda eta Euskal Herriko ikastetxeak. Nire lehenengo aldia da proiektu honekin beste herrialde bat bisitatzen dudala, kasu honetan Amurrioko Amaurre ikastetxera etorri gara. Eskolan, ordea, denbora asko daramagu gaia lantzen
Zer ekintza egin duzue Amurrion igaro duzuen denbora honetan?
Denetarik egin dugu. Nik kirolak izan ditut gogokoen eskupilota eta bolotan aritu gara, oso dibertigarria izan da.
Mendira ere joan gara eta euskal ohiturak ezagutzeko makina bat jardueraz gozatu dugu; hala nola euskal mitologia landu dugu
Bilbora joateko tartea ere izan genuen. Oso hiri ikusgarria da. Besteak beste San Mames estadioa bisitatu genuen. Nik ez nuen Athletic taldea aurretik ezagutzen.
Amurrioko familia batekin igaro duzue astea. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Nik aurretik ezagutzen nuen familia. Izan ere, Irlandako nire etxean izan ziren iragan urrian, eta harremana mantendu izan dugu bideo-dei bidez. Oso pertsona atseginak dira.
Irlandarekin alderatuta, zer da gehien harritu zaituena?
Etxebizitzek asko harritu naute, zeharo desberdinak dira Irlandan ikusten dugunarekiko. Hemen denak bizi zarete batera, pisu altuetan. Gu askoz sakabanatuago bizi gara. Landa eremuko herria da gurea, Claremorris, eta etxe bakoitza larrez inguratuta dago, ez gaude auzokideak izatera ohituta.
Etxaldeetan bizi gara. Nire etxe ondoan beste bizilagun bat daukagu bakarrik, eta ez dago bereziki gertu.
Claremorris herri txikia da gurea, 1.000 biztanle ditu eta herrian hiru denda daude bakarrik. Janariari dagokionean, ordea, ez dut desberdintasun handirik nabaritu. Nahiko gastronomia antzekoa dugula uste dut.
Euskarazko hitzik ikasi duzu?
Gutxik batzuk: Kaixo, bale, bai... (barreak).