ERREPORTAJEA

Masa Kritikoa: Amurriora iritsi den munduko txirrindularien aldarrikapen mugimendua

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 1a, 09:39

Erabiltzaile masa handia elkartu eta bizikletak trafikoan merezi duen espazioa aldarrikatzea du xede Masa Kritikoak. / Masa Kritikoa Amurrio

Hilabeteko lehen ostiraletan, txirrindulari talde batek Amurrioko kaleak zeharkatzen ditu, bizikleta herriko trafikoaren parte dela aldarrikatzeko. Munduko aldarrikapen mugimendua da Masa Kritikoa, eta datorren ekainaren 3an du jarrita hurrengo hitzordua udalerrian.

Munduko mugimendua da Masa Kritikoa: hilabetean behin hainbat hiritan milaka txirrindulari batzen dira modu espontaneoan, elkarrekin pedalei eragin eta bizikletaren espazioa aldarrikatzeko asmoz. San Franciscon du abiapuntu mugimenduak, eta Txinan ekoiztutako dokumental batean dago oinarrituta.

Duela bost hilabete iritsi zen Amurriora protesta ekimen global hau. "Inolako gidaritzarik gabeko mugimendua da, erabat anonimoa eta espontaneoa", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari bertan parte hartzen duten zenbait erabiltzailek.

Bizikleta eguneroko trafikoaren parte dela erakutsi nahi du mugimenduak

Bizikleta eguneroko trafikoaren parte dela erakutsi nahi du mugimenduak, baina ez dute protesta bezala ulertzen, eta ez dute inolako eskaera zehatzik: "Ez da manifestazio bat, ez du antolakuntzarik, pertsonak, gazteak, nagusiak... bizikletan ibiltzea soilik".

Erabiltzaile masa handia elkartu eta bizikletak trafikoan merezi duen espazioa aldarrikatzea dute xede.

Itxitako bideak zabaltzen

Bizikletek udalerrietako trafikoan ibiltzeko duten baliabide falta jarri dute mahaigainean Masa Kritikoan elkartzen diren txirrindulariek: "Hirigintza planek autoen zirkulazioa hartzen dute aintzat soilik".

"Ez dago bidegorri sare egokirik, denak dira oztopoak, eta trafikoaren zirkulazioa autoei dago zuzendua bere osotasunean", azpimarratu dute Masa Kritikoko kideek; "Amurrion edota Laudion, adibidez; ez dago ikastetxeetara bizikletaz joateko bide egokirik. Berdina gertatzen da lantoki nagusiekin ere; ia ezinezkoa da herritik gertu dauden industriaguneetara modu erosoan bizikletaz joatea".

Tubos Reunidoseko fabrikako adibidea jarri dute horren adierazle nagusi moduan. Izan ere, Nerbioiko Parke Linealean bertan lantegiko aparkalekura sartzeko ate bat dagoen arren, hau itxita mantentzen dute fabrikako arduradunek, eta bizikletaz doazen beharginak errepidera atera eta zubitik sartu behar dira lantegira. "Europako zenbait herrialdetan diru-laguntzak ematen dituzte lanera bizikletaz joateagatik, hemen pentsaezina da hori".

Ostiral honetan, ekainak 3, dute hurrengo hitzordua jarrita; 20:00etan GUK eskulturaren parean

Parte hartzeko gonbita

Bizikletan ibiltzen den edonork du ekimenean parte hartzeko aukera. Amurrion hilabeteko lehen ostiraletan elkartzen dira, 20:00etan, GUK eskulturaren parean. Ostiral honetan, ekainak 3, dute hurrengo hitzordua jarrita. Ohi bezala, musika eta giro ona nagusi, ibilbide erraz bat egingo  dute Amurrioko herrigunean barrena. "Kaskoa eta bizikletako argiak baino ez dira derrigorrezkoak", nabarmendu dute.

Azken edizio guztietan eguraldi txarrari egin behar izan diote aurre, baina uda sasoian ibilaldi goxoagoak izatea espero dute: "Gutxika-gutxika, geroz eta herritar gehiago elkartzea da gure asmoa, Amurrioko txirrindulariak kontuan hartu beharreko agente bilakatu arte".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide