Datorren ikasturtean hezkuntza-lerro bat gutxiago eskaintzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak Amurrioko Mendiko Eskola publikoan. Hain zuzen ere, 3 urteko gela lerro bakarrean batuko dute 2022-2023 ikasturtean, 2019an jaiotako 23 ikasle bilduta guztira. "Orain arte 23 ikasle horiek bi hezkuntza-lerrotan banatuta egon dira, baina datorren ikasturtean ratioak jaitsi beharrean, guztiak elkartzea erabaki du Hezkuntza Sailak", azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari gaurko elkarretaratzean. Salatu dute ere, maila horretako ikasle bat matrikulatu ezinik geratu dela, eta, ondorioz, Zabaleko ikastetxera joan beharko dela datorren ikasturtean.
ADIERAZPENAK | Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Amurrioko Mendiko Eskolako langile, guraso eta ikasleek, Eusko Jaurlaritzak lerro bat ixteko hartutako erabakiaren aurka protesta egiteko @ahpsarea pic.twitter.com/5YP4mcSWmN
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) June 3, 2022
Uste dute ulergaitza dela 2023-2024 ikasturterako ikastetxe publiko zein itunpekoetan ratioak jaistea erabaki duen Eusko Jaurlaritzak, datorren ikasturterako kontrako erabakia hartu izana. Hala azaldu dute: "Mendiko Eskola osatzen dugun komunitateko kideak haserre eta engainatuta sentitzen gara. Horrelako erabakiek haurrak hezkuntzan lehentasuna ez direla pentsatzera garamatzate".
Hezkuntza-lerroen itxierak ikasleengan eragin negatiboa izateaz gain, eskolako gainerako giza-baliabideetan ere kaltea izango duela ohartarazi dute; hala nola, irakasle, zuzendaritza kide eta bestelako langileen kopuruan.
Sinadura bilketa
Gaurkoa lehenengo protesta izan da, baina gehiago egingo dituztela iragarri dute. Bien bitartean, sinadura bilketa ere abiatu dute, ikastetxeko maila guztietan bi hezkuntza-lerro mantentzea eskatuz.