Uhandre plataformak salatu du 7 hektareako pinudia legez kanpo moztu duela bere jabeak, eukaliptoak landatzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 7a, 08:10
Mozketaren irudia./ Uhandre

Ingurumenaren defentsan aritzen den plataformak nabarmendu du pinudia ez zela heldu mozketa baimentzen duen adinera, hau da, 30 edo 35 urtera. Taldearen iritziz, jabeak hori Amurrion eukaliptoa landatzea debekatuko dutela aurreikusita egin du, lursaila zuhaitz mota horretara bideratzeko.

Uhandre plataformak oharra zabaldu du salatzeko apirilean 7 hektareako pinudia moztu zutela: "14 futbol zelaiko tamainako lursaila". Talde ekologistak gogor kritikatu du gertakaria arauz kontrakoa dela. Izan ere, ustiatze txandara heltzeko pinudiek 30 edo 35 urte bete behar dituzte, eta honek 20 inguru zituen.

Mozketa goiztiar hori kaltegarria dela azpimarratu dute: "Baso ekosistema suntsitzen du, lurren higaduraren arriskua handitzen du, eta ezaguna da zuhaitz helduenek CO2 gehiago xurgatzen dutela". 

Eukaliptoa landatzea helburu

Uhandreaken iritziz, legez kanpoko mozketak xede argia izan du; lurzoru hori eukaliptoz betetzea. Berez, AmurrioHiri Antolamenduaren Plan Orokorra prestatzen ari da  eta, antza, espezie hori landatzea debekatuko dute. Plataformaren aburuz, eukaliptoak bioaniztasuna jartzen du arriskuan, eta gogoratu duenez, Aiaraldean zelulosa ekoizteko baliatzen den landaketen %12,8 eukaliptoa da jadanik.

Zentzu horretan, elkarteak aldarrikatu du Gipuzkoan eta Bizkaian neurriak hartzen ari direla eukaliptoaren landaketa berriak ekiditeko, eta gauza bera exijitu diote Arabako Foru Aldundiari, ongizate publikoaren onurarako.

Neurriak jabearen kontra

Bide batez, eta aintzat hartuta jabeak mozketen epeak bete ez dituela, Uhandrek aipatu du Arabako Foru Aldundiak  lursailaren jabea zigortzea espero duela, baita dirulaguntzak itzultzera behartzea ere, baldin eta jaso baditu. Berez, mozketa ez da toki ezkutuan egin, A-625 errepidearen parean jazo baita, Amurrioko sarreran, hain zuzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide