Merkatu zaharrean, Kultur Etxean zein La Casonan zerbitzu aldaketak aurreikusi ditu udal eraikinen plan zuzentzaileak

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko eka. 7a, 17:11

Udal arkitektoak, alkateak eta parte hartze teknikariak eskaini dute prentsaurrekoa. / Aiaraldea.eus

Diagnostiko bikoitza egin dute udal azpiegituren erabilera eraginkortzeko. Liburutegia Merkatu Zaharrera mugitzeko proposamena luzatu dute, besteak beste.

Udal azpiegituren erabilera eraginkortzeko plana aurkeztu du Amurrioko Udalak gaur goizean udaletxean. “Orain arte ez zegoen plan edo azpiegitura gidarik”, adierazi du Txerra Molinuevo alkateak. 8 eraikin jaso dira guztira planean. “Diagnostiko bikoitza egin dugu. Alde batetik, parte hartzeari dagokiona eta, bestetik, teknikoa”.

“Diagonostiko bikoitza egin dugu: parte hartzeari dagokiona batetik, eta teknikoa bestetik”, azaldu du Txerra Molinuevo alkateak prentsaurrekoan. Guztira, 272 lagunek hartu dute parte prozesuan

“Parte hartze diagnostikoak pistak eman dizkio azterketa teknikoari, interesguneak identifikatzerako orduan”, azaldu du Ana  Izquierdo Lejardi parte hartze teknikariak.

Horretarako, lan saioak egin dituzte teknikari eta politikariekin, “egungo azpiegiturek zer nolako aukerak eta erabilera dituzten jakiteko”. Horrez gain, herritarrekin inkesta burutu dute, Hauxe Da aldizkariaren bidez etxe guztietara ailegatu dena. Guztira, 195 amurrioarrek bete dute galdetegia,  erantsi duenez.

Ildo beretik, elkarteekin bildu dira. Zaintza, kirol eta kultur eragileak hartu dituzte kontuan horretarako, eta 77 ordezkarirekin batu dira: “Elkarte bakoitzarekin ikuspegi indibiduala eta kolektiboa jorratu ditugu, bakoitzak erabiltzen dituen azpiegituretatik harago”.  Hala, indargune eta ahuleziak identifikatu dituzte. Orotara, 272 lagun aritu dira Udal ekipamendu publikoen plan gidatzailearen diseinuan.

Juanje Iturrate arkitektoak gehitu duenez, eskuhartze irizpideak finkatu dituzte, irisgarritasuna, espazioen erabilera komunak eta abar bultzatzeko. “Osasun zentroa, nagusien egoitzak, eta ikastetxeak udalarenak ez direnez, kanpoan geratu dira”, argitu du. Basarte futbol zelaia, Amurrio antzokia eta beste zenbait toki ere baztertu dituzte planetik, arrazoi berdinagatik.  

Kultura Etxea, La Casona edo liburutegia, Refor eraikina, Egunezko Zentroa, Tipi-tapa haurreskola, Matias Landaburu, Osasun zentro zaharra eta Merkatu ohia dira aztertutako guneak

8 azpiegituren berregituraketa

Guztira, 8 eraikinen egoera eta herritarren beharrak aztertu dituzte urtebeteko entzuketa aktibo eta azterketa teknikoen bidez.

Kultura Etxea, La Casona edo liburutegia, Refor eraikina, Eguneko Zentroa, Tipi-tapa haurreskola, Matias Landaburu, Osasun zentro zaharra eta Merkatu ohia dira aztertutako guneak. "Plan hau gida da, hurrengo fasea proiektuak sortzea litzateke. Honek eraikinaren erabilera posiblea adierazten du”,  azpimarratu du Iturratek.

Ondorengoak dira diagnostikotik eratorritako aldaketak, eta udal eraikinak optimizatzeko Amurrioko Udal Ekipamenduen Plan Zuzentzailean jasotako erabilera proposamenak eta zerbitzuen kokapenak:

  • Kultura Etxea: Erakusketak, bilerak egiteko gunea, turismoari begirako eskaintza eta biltegia kokatzea da asmoa.
  • La Casona: Tailerren eskaintzak bilduko lituzkete bertan (liburutegia Merkatu Zaharrera eramanda, hemeroteka barne).
  • Merkatu Zaharra: Liburutegia, mediateka eta ikasteko gela eta KZ gunea aurreikusi dituzten planean.
  • Osasun Zentro ohia, arte eszenikoen gune bilakatuko lukete. Bertan leudeke entsegu lokalak, antzerki taldea, musika eskola, dantza eskola eta Aiara Dantza taldearen entsegu lokalak.
  • Matias Landaburu: AEK, Tantaka eta Zaraobe institutuaren integrazio sozialerako formazio zikloa.
  • Villa Fe: Elkarteentzat lokalak, udal txokoa eta biltegia egongo lirateke (Eguneko Zentroa hortik kenduko litzateke, Aroztegi tailerra ere)
  • Zabaleko: Tipi-tapa haurreskola, auzo liburutegia, ikasketa gela eta auzo tailerrak. “Ikas zentroaren beharrak lehenetsiko dira gune honetan, hala ere”, zehaztu du Txerra Molinuevo alkateak. 
  • Refor, Kirol etxe: Amurrio Bidean eta ikasketa gelak mantenduko lituzkete Reforren, baina kirol talde guztien egoitzak hara hurbilduta. Horrez gain, bileretako gela egokituko dute, Amurrio Bidean eraikinaren eskumaldean.  Dena den, ostalaritza guneak, museoak eta enpresen haztegiak bertan jarraituko du, argitu dutenez. Reforren ezkerreko aldean, aldiz, zerbitzuetarako biltegiak finkatuko lituzkete, gidari jarraiki.

Planarekin batera, prozesu parte hartzaile eta teknikoan ondorioztutako beharrak asetzeko proposamenak edo ideiak landu dituzte, etorkizunean inbertsioa beharko dutenak. Hargatik, lehentasunen artean, Kultura Etxearen jarduna berregituratzeko beharra izango da nagusi: “Merkatu Zaharraren birgaitzerako diru-laguntza eskatu zuen Udalak, eta baita Mendiko 19an Eguneko Zentroa kokatzeko ere. Azpiegitura hori konpontzera goazenez, liburutegia hor kokatzea bateragarria da".

Molinuevoren hitzetan, ekintza bakoitzak proiektu propioa beharko du. Edozelan ere, plan osoa egikaritzeko epe ertain-luzea dute buruan, alkateak azpimarratu duenez. “Merkatu Zaharra konpontzekoa zenez, erabilera da zehaztu duguna plan honekin. Eguneko Zentroko obrak eta Merkatu zaharrekoak aurki hasiko dira. Liburutegia hara badoa, La Casona libre geratuko litzateke. Azpiegituren erabilera posiblea da aurkeztu duguna, exekuzio proiektuetan ikusiko dira aurrekontu eta inbertsio aukerak xehetasunez”, nabarmendu du gobernuburuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide