Gazteek etxebizitzaren alokairua ordaindu dezaten, %30 eta %50 bitarteko finantziazioa proposatu du Orain Amurriok

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 8a, 06:30

Kepa Gonzalez Orain Amurrioko zinegotzia. / Aiaraldea.eus

Orain Amurriok proposamena erregistratu du udalean, herriko gazteek etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza eskuratu dezaten.

Orain Amurriok prentsa oharra zabaldu du azaltzeko zein den bere proposamena gazteek etxebizitza alokairurako dirulaguntza jasotzeko. Zehazki, neurria 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei bideratuta dago. "Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, hileko alokairuaren %30 eta %50 artean izatea proposatzen dugu, gehienezko mugekin eta eskatzaileek justifikatutako urteko diru-sarrera gordinen arabera. Hau da, laguntzaren progresibotasunaren irizpidea aplikatuko da errentaren arabera", argitu dute.

Taldearen helburua da ahalik eta lasterren onartzea udalbatzan laguntza hori lortzeko prozedura. Orain Amurriok aldarrikatu du bere ekimenaren ondorioz erabaki dela aurrekontuetako 30.000 euro gastatzea horretan, baina, aldi berean, adierazi du egitasmoak ez dituela konpontzen etxebitza arazoak: "Neurri honen bidez, berariazko biztanleria-sektore bati, hots, gazteriari, lagunduko diogu, baina ez dugu osorik konponduko gainerako herritarrek etxebizitza eskuratzeko duten aukera. Horregatik, gogorarazi nahi dugu proposatu genuela lurzoru-parke publiko bat sortzea, gizarte-beharrak hein batean konpentsatuko dituzten mota guztietako eraikinak kokatzeko. Sustapen publikoko etxebizitzak, bai Eusko Jaurlaritzak sustatuak, bai udalerrian egiten diren udal sustapenekoak, alokairu sozialeko etxebizitza gisa erabiliko dira. Babes publikoko etxebizitzak alokairu sozialean sustatzeko konpromisoa dugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide