Festa eta ahuntz usaina dario asteburuari Baranbion. Izan ere, 23. aldiz ospatuko dute Ahuntz Eguna. Ostiralean abiatuko dute egitaraua Garrastatxuko santutegian solasaldi batekin, 20:00etan hasiko dena. Ondoren, afaria egongo da parte hartzaile guztientzat txokoan, 21:30ean, hain zuzen.
Ahuntz Egunaz gain, Garrastatxuko mendi ibilaldia jasoko du Baranbiok igande honetan
Larunbatean ez dute ekitaldirik egingo, igandean bete-bete baitator egitaraua. Izan ere, orotariko jarduerekin hornituko dute Ahuntz Eguna.
8:30ean Garrastatxuko mendi ibilaldia aterako da, baina 8:15ean ekingo diote Euskal Herriko XIV. Ahuntz Lehiaketari. Antolatzaileek zehaztu dutenez, gainera, orotariko arrazak egongo dira ikusgai goiz osoan zehar. 13:00etan izango da abere pisaketa, eta 14:00etan banatuko dituzte lehiaketako sariak. Ondoren, herri bazkaria egongo da. Alabaina, bazkariko txartelak Baranbioko Batzar Administratiboko idazkaritzan edota Garrastatxun eskuratu beharko dira ekainaren 6a baino lehen.