ARGAZKI KRONIKA

Bizitzak sostengantzen dituztenen bizitzak, aldarri

Txabi Alvarado Bañares 2022ko eka. 20a, 18:42

Dozenaka lagun bildu ziren larunbatean SOS Aiaraldea dinamikak sektore feminizatuei buruz Amurrion eginiko jardunaldietan. 

‘Emakume izateagatik prekarizatuak, bizitzak sostengantzeko ezinbestekoak’. Lema hori hartu zuen ardatz SOS Aiaraldea dinamikak larunbat goizean Amurrion eginiko jardunaldiak. Dozenaka lagun bildu ziren goizeko hamaiketatik aurrera Elexondo pasealekuan, sektore feminizatuen inguruan hitz egin eta, batez ere, entzuteko prest. 

Taldeka banatu ziren lehenbizi, sektore bakoitzaren errealitateaz hitz egiteko. Modu horretan, egoitzetako, jangeletako edota etxeetako zaintza langileen errealitateak aletu zituzten, ideia nagusiak panel batzuetan zirriborratuz. 

Mahaingurua abiatu zuten jarraian. Euskal Herriko zein Aiaraldeko hainbat gonbidatuk hartu zuten hitza bertan. Tania Sirianyk testuinguru orokorra eman zion zaintza lanen krisiaren gaiari. “Zaintza lanen %80 baino gehiago emakumeek egiten dituzte, eta horietako asko emakume migratuek egiten dituzte”, zehaztu zuen mugimendu feministako kideak. 

Pertsona migratuen egoeran sakondu zuen, hain zuzen, Trabajadoras no domesticadas taldeko Afrania Lazok. Migranteen erregularizazioa jarri zuten egoera bideratzeko ezinbesteko baldintza moduan, egoera irregularrean egoteak prekarietatea eta esplotazioa sustatzen dituela argudiatuta. Horrez gain, Mariana Cuyo etxeko langileak interpelazio zuzena egin zien gizonei. “Hemen zaudeten gizonek, altxatu esazue ezkerreko eskua, orain ekumakoa. Bi beso dituzue, ez? Ba orduan posible duzue zaintza lanetan aritu”, aipatu zuen, publikoaren txaloen artean. Horri lotuta, “zaintza sistema publikoaren” beharra jarri zuen mahai gainean. 

“Hemen zaudeten gizonek, altxatu esazue ezkerreko eskua, orain ekumakoa. Bi beso dituzue, ez? Ba orduan posible duzue zaintza lanetan aritzea”

Ane Escondrillasek, aldiz, patronalean jarri zuen begirada. “Patronalaz hitz egiten dugu, baina nor da patronala? Askotan oso modu abstraktuan irudikatzen dugu, baina pertsona konkretuak dira: gizon, zuri eta aberatsak”, nabarmendu zuen LABeko kideak, eta gaineratu zuen orain “arerio” nagusi bat dagoela joko-zelaian: Eusko Jaurlaritza eta Diputazioak. “Eusko Jaurlaritza da bere bulegoetatik langileei zenbat denbora inbertitu esaten diena, sekula ez duenean egoitza bat bisitatu”. 

Idoia Alonsok gehiago sakondu zuen egoitzetako egoeran. Artziniegako La Encina zentroko langileak giza baliabide falta jarri zuen mahai gainean, eta azpimarratu zuen horrek eragin zuzena duela zerbitzuaren kalitatean. Gauzak hala, erabiltzaileen familien inplikazioa funtsezkoa dela ondorioztatu zuen, egoera bideratu ahal izateko. 

Horrekin bat egin zuten Babestu elkarteko kideek, baina azaldu zuten oso zaila dela familiak aktibatzea: “Gaizki sentitzen zara zure senideak egoitzara eraman dituzulako eta hala nola bildu behar duzulako zerbitzua ordaintzeko dirua”. Era berean, egoitzetako erabiltzaileak “errepresaliatuak” izatearen beldurra ere izan zuten hizpide, baina halakorik gertatzen ez dela ziurtatu zuten, “zaunka egiten baduzu gehiago errespetatzen zaituztelako”. 

Jantokietako langile batek ere hartu zuen hitza solasaldiaren amaieran. Ratioak jaitsi behar direla aldarrikatu zuen. “Espainiako Estatu ratio onenak dituztela esaten digu Jaurlaritzak, eta ez dituztela hobetuko. Baina ordu erdi dugu umeei otordua emateko, eta ez dago haur bakoitzean arreta jartzeko haina denborarik”. 

Mirari Ullibarrik, bere aldetik, lan-taldeetan ateratako hainbat ideia plazaratu zituen, eta “militatzearen pribilegioa” ere izan zuen hizpide. “Jende askok ez du bileretan hitz egiteko kapital sinbolikoa. Militatzeko eta antolatzeko denbora ere behar da”, nabarmendu zuen ELAko ekintza sozialeko arduradunak. 

Txefi Rocok ere pribilegioak izan zituen mintzagai. “Zaintza bezala izendatzen diren gauza asko pribilegioak dira”, ohartarazi zuen LABeko kideak, “oso ondo zehaztu behar dugu zer den zaintza eta zer ez, lan horiei modu kolektiboan aurre egiteko”. Horrez gain, zaintza langileek garatutako borrokak jarri zituen balioan. “Kalera ateratzen ari dira, erosoagoak dauden beste langile sektore batzuk baino gehiago”, azpimarratu zuen. Horri lotuta, zaintza politizatzearen beharra aldarrikatu zuen, “jendarte moduan aldatu ahal izateko”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide