ARGAZKI ERREPORTAJEA

Ahaztu ezazu behingoz automatikoa; argazki makinak nola erabiltzen diren jakiteko ikastaroa

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 29a, 07:00

Aurreko ikasturtean umeei argazkigintza irakatsi ostean, Maied Urrutiak helduekin lan egiteari ekin dio eta ikasleak irrikan daude hurrengo kurtsoa hasteko. Javi Elejalde, Ainara Robles, Bruna Aldama eta Txema Urrutia aritu dira aurten ikastaroan, eta egindako lan guztiaren emaitza plazaratu dute.

Javi Elejalde, Ainara Robles, Bruna Aldama eta Txema Urrutia dira Maied Urrutiak aurten izandako ikasleak. Ez guztiak, baina bai gehienak. Udalaren bidez eta prezio oso xumean argazkigintzan sartu dira buru-belarri eta eragina nabarmena izan da. Izan ere, guztiek zituzten aspaldi reflex kamerak, baina ez zekiten nola erabiltzen ziren. Ondorioz, modu automatikoa baliatzera mugatzen ziren.

Maiedekin, ordea, aginduak argiak izan dira lehen egunetik: “Dirutza gastatuta argazki makinan, automatikoa erabiltzea delitua da eta debekatzen dut berehala”.

“Gai mamitsuak eta gordinak eztabaidatu ditugu argazkien bidez. Irudi estetikoak lortzea ez da guztia. Izan ere, diziplina honek balio dezake mezuak zabaltzeko eta, bide batez, zure burua ere hobeto ezagutzeko”

Araua, hasieran, gogorra iruditu zitzaien guztiei. “Beti erabiltzen genuen automatikoa ikastaroa hasi baino lehen” aitortzen du guztien izenean Ainara Roblesek, baina klaseek aurrera egin ahala, argazkigintzaren mundua irekitzen joan zitzaien.

“Teoria ugari ikasi dugu eta makinaren elementu ezberdinak zertarako diren landu dugu. Horrez gain, praktika pilo egin dugu, maiz modu benetan bitxian; irteerak egin ditugu eta saioak kea edo ur tantekin, adibidez”, aipatzen du Txema Urrutiak. Horrez gain, egile mordoa ezagutu dituzte. “Maiedek ekartzen zituen egile anitzen argazkiak eta horrela ulertu dugu nola begiratu behar diren argazki batzuk atzean dagoena sumatzeko. Izan ere, batzutan argazkigintza mota bat ez duzunez gogoko, ez diozu erreparatzen ganoraz”, erantsi du Bruna Aldamak.

Edonola ere, alde teknikoa baztertuta, Maiedek azpimarratu du, bereziki, argazkigintza badela tresna bat istorioak kontatzeko. “Umeekin lan egin dudanean ezin izan dut hainbat gai jorratu eurekin, adinagatik, baina helduekin gai mamitsuak eta gordinak eztabaidatu ditugu argazkien bidez. Irudi estetikoak lortzea ez da guztia. Izan ere, diziplina honek balio dezake mezuak zabaltzeko eta, bide batez, zure burua ere hobeto ezagutzeko”.

Bide horretatik jarraiki, bere ikasleak aztertzen ari dira zeintzuk diren gogoko dituzten generoak eta euren begirada propioaren bila ari dira. Esaterako, Javi Elejaldek argi dauka berak gogoko duena paisaia dela. Ainara Roblesek uste du paisaia ere dela bere esparrua, baina oraindik ez dago guztiz ziur. Bruna Aldamak, aldiz, nahiago du erretratoa eta argazkigintza esperimentala eta Txema Urrutia ere gero eta interesatuagoa dago erretratuetan.

Paisaiak mespretxatu gabe, Maieden iritziz erretratoak erronka ezberdinak jartzen ditu mahai gainean, finean, gizakiekin lan egiten delako eta harremana zuzena delako argazkien subjektuekin: “Giroa sortu behar da. Zuzendu behar duzu modeloa eta ondo atera behar da, pozik bukatu dezan”.

Hurrengo ikasturtera begira

Datorren ikasturtean pentsatzen hasi dira jadanik argazkilariak eta zenbait zertzelada adostu dituzte: “Lan kolektiboak egingo ditugu eta asko birpasatu. Horrela norbait berria sartzen bada taldean, guk dakiguna ikasiko du eta guk freskatzeko aukera izango dugu” ohartarazi du Javi Elejaldek.

Udan txango eta klaseren bat egitea ere ez du guztiz baztertu Maied Urrutiak: “Uda da garai egokiena argazkiak egiteko eta kalera ateratzeko”. Hori bai, momentuz, Urrutiak badauka beste proiektu bat esku artean. In Situ Art Festivalen bere argazki erakusketa hautatu baitute uztailaren 1era arte ikusgai egon dadin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide