Guk eskulturaren egilea, Angel Camino, hil da

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 5a, 14:01

Guk eskulturaren instalazioa. / Angel Camino

Austrian zendu zen duela astebete. Eskultoreak 2003an amaitu zuen Guk Eskultura, Amurrion ikusgai dagoen artelanik ezagunena, ziurrenik.

Angel Camino artista duela bederatzi egun hil zen, bat-batean, Austrian, RTV Vilafranca hedabidearen arabera. Han zegoen lagun batzuk ikusten, berez, Katalunian baitzuen etxebizitza. Valladoliden jaioa 1953an, baina Euskal Herrian hazia, Angel Caminok kimika ikasi zuen. Dena den, Jorge Oteiza ezagutu ostean, bere sorkuntza grina topatu zuen.

1974an Kataluniara joan zen bizitzera eta han ibilbide luzea abiatu zuen artearen munduan. Alde batetik, irakasle izan da urte luzez eta, bestetik, hainbat sari eta beka eskuratu ditu. Adibidez, 2001ean Kyonggidon, Korean, jaso zuen aitortza.

Guztira, zortzi eskultura utzi ditu eremu publikoan, horietako bi Euskal Herrian. Bata, 'Ama Lur' izenekoa, Arrasaten dago. Bestea, 'Guk', Amurrion dago 2003. urtetik. Artelan hori osatzeko 31 tona altzairu urtu zituen, korapilo bati forma emateko. Korapiloak hainbat amurrioarren izenak ditu idatzita eta herritarren arteko lotura islatzen du. 

Amurrioko Udalak gaur jaso du bere heriotzaren albistea eta sare sozialetan doluminak adierazi ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide