Amurrioko Udal Musika Eskola hobetzeko 15.000 euroko partida onartu izana goraipatu du PSE-EEk

Txabi Alvarado Bañares 2022ko uzt. 6a, 11:09

Laster hasiko dituzte eraikina hobetzeko obrak.

Alderdi sozialistak sartu zuen partida hori aurtengo aurrekontuetan, prentsa oharrean nabarmendu dutenez. 

15.000 euro bideratuko dituzte Amurrioko Udal Musika Eskola hobetzera. Hala iragarri dute PSE-EEko kideek ohar baten bidez, eta nabarmendu dute eurek proposatu zutela diru partida hori udal aurrekontuetan sartzea. 

“Datozen egunetan ekingo zaio teilatu-hodiak eta sabaia garbitu eta zigilatzeari. Horrez gain, entsegu gela txikiko pareta bat konponduko da eta eskolaren teilatu-alde bat ere birgaituk da. Era berean, gela eta korridoreak margotuko dira”, aurreratu dute sozialistek.

Nabarmendu dutenez, eraikinak hainbat gabezia ditu aspaldidanik. David Romero zinegotziak nabarmendu du espazioko hormak “duela bi hamarkada” margotu zirela azkeneko aldiz, eta nabaria dela “filtrazioen eta hezetasunaren eragina”. 

Horregatik, soluzio egokiena eskola mugitzea izango litzatekeela uste dute sozialistek eta, hori dela eta, konponketa koiuntural moduan planteatzen dituzte obrak. 

Gauzak hala, hartutako erabakiaren egokitasuna defendatu dute sozialistek, gaur egungo egoera “erabat sostengaitza” dela iritzita: “ezin da eskola kokaleku berri batera eramatera itxaron Amurrioko bizilagunei azpiegitura eta zerbitzu duin batzuk eskaini ahal izateko”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide