Ostiraletik astelehenera, lau eguneko egitaraua prestatu dute Tertangako auzokideek herriko jaiak ospatzeko.
Uztailaren 8an jaurtiko dute txupinazoa, iluntzeko 22:00etan. Horrekin batera pilotalekuko jai-eremua irekiko dute, jaiei eta gau horretako musika emanaldiari hasiera emateko.
Loza eta Andomagu rap abeslariak igoko dira oholotzara, eta, ostean, Altxa Porru erromeriak emango dio segida. Jai-giroa goizaldera arte luzatzearen ardura, ordea, Karri Fest musika jartzaileak izango du.
Baina, jaiak ez dira ostiralera mugatuko soilik. Uztailaren 9an herri bazkaria eta dantzaldia egingo dute Iñaki Otegiren eskutik.
Igandean trikiti doinuek herria alaituko dute etxez etxe egingo duten kalejiran, eta elizako atarian tarta zozkatuko dute.
Astelehenean agurtuko dituzte festak, meza eta mokaduarekin. 18:00etan, gainera, herrikoentzako bola jaurtiketa egingo dute Elexalde bola elkartearen eskutik.
