LANDER ABASCAL

“Mercedesen grebek eta piketeek babes ikaragarria dute"

Aitor Aspuru Saez 2022ko uzt. 7a, 07:00

Lander Abascal amurrioarrak Mercedes enpresan egiten du lan.

LANDER ABASCAL amurrioarra LAB sindikatuko ordezkaria da Mercedes enpresan eta buru-belarri sartuta dago Gasteizko multinazionalaren lantegian bizitzen ari den lan gatazkan. Atzo greba eguna izan zuten Gasteizen eta mobilizazio gehiago aurreikusi dituzte.

Une kritikoak bizitzen ari zarete orain Mercedes enpresan. Hitzarmen berriaren negoziazioa dela eta, grebari eutsi diozue langileek eta euskal gehiengo sindikalak. Zein izan da egoera?

Enpresak ia ez du jarrera aldatu, soilik aldatu du pare bat kontu jatorrizko proposamenetik eta ELA, LAB eta ESK sindikatuok eskatzen diogunari ez dio jaramonik egin.

Hori da langileek exijitzen dutena eta horregatik deitu dira grebak. Horregatik, atzo ere egin genuen lanuztea. Jarraipena oso ona izan da eta soilik sartu dira lanera gutxiengo zerbitzuak eta behin behineko langileak, behargin finkoek protesta jarraitu dute.



Grebak bat egin du Lehendakariaren eta Arantxa Tapiaren bisitarekin Alemanian, enpresako zuzendaritzarekin. Zein da bisita horren inguruan egiten duzuen irakurketa?

Gure irakurketa da Lehendakariak eta Tapiak, herria babestu ordez (hau da, langileak), enpresaren alde egiten ari direla. Ez dute galdetu langileek zer nahi duten, ez dira harremanetan jarri ez enpresa batzordearekin ez inorekin. Soilik jarri dira Mercedeseko zuzendariaren alde.

"Nahiko genuke Lehendakariak eta Arantxa Tapiak gure aldarrikapenak ezagutzea, baina horren ordez Mercedeseko zuzendariaren alde jarri dira"

Guk nahiko genuke eurek ezagutzea langileok zer eskatzen dugun: malgutasuna ez handitzea, seigarren gau batean lan ez egitea, soldata egotea Kontsumorako Prezio Indizeari lotuta, V modelo diskriminatzailerik ez egotea; hau da, behin behineko langileek finkoen eskubide berak izatea, asteburuko langileen kontratuak arautuak egotea (gaur egun deskontrol hutsa delako eta langileek ez dakitelako ezta noiz egin behar duten lan), eta errelebo kontratuak hobetzea. Hau da, erretiratzen denaren ordez, langile finkoa sartzea enpresan.

Halaber, exijitzen dugu mugikortasuna adostea lan hitzarmenaren barruan. Mugikortasuna ez dago zehaztuta eta lanpostu batetik bestera mugitu gaitzakete .

Enpresak iragarri du 1.200 milioi euroko inbertsioa egiteko prest dagoela. Zer eskatzen dizuen langileei horretarako?

Enpresak eskatzen digu mugikortasun gehiago, gutxiago kobratzea, seigarren gau bat lan egitea eta V modelo diskriminatzailea ezartzea. Gu ez gaude Mercedes V modeloa ekoiztearen kontra, lan gehiago egongo litzateke eta. Baina enpresak proposatzen du langile finkoei soldata osagarria ordaintzea han lan egiteagatik eta, aldi berean, behin behineko beharginei miseria hutsa ordaindu nahi diete. Hirugarren soldata eskala litzateke.

Atzo grebak jarraipen zabala izan zuen, CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek bat egin ez badute ere. Uste duzue langileen batasuna mantentzea posible dela egoera honetan?

Uste dugu langileek jarraituko dutela borrokatzen, eskubideak jokoan daude eta. Lau sindikatu horiek greba ez babestu arren, beharginak erakusten ari dira argi eta garbi zer nahi duten eta ateratzen ari dira kalera borrokatzera. Beste bi greba egun egongo dira eta erabateko babesa izatea espero dugu. Ikusgarria izaten ari da piketeek eta grebek duten babesa, oso polita.



Zure kasuan, LABeko kidea izan arren Mercedesen, hasieran UGTn egon zinen. Nolakoa da sindikalgintza Mercedesen?

Nik hasieran UGTn eman nuen izena, nahiz eta LABekoa izan eta sindikatu hori inoiz ez utzi. Berez, enpresak jakin izan balu ni LABekoa nintzela, ziurrenik ez luke nire kontratua luzatuko. Nolabait, nire benetako militantzia babesteko eman nuen izena UGTn.

Gaur egun, LABek, ESK-k eta ELAk prozedura oso argia dugu: langileei galdetzea zer egin nahi duten eta euren aldarrikapenekin aurrera egitea.

Greba egun bakoitzaren ostean batzarra deitzen dugu eta han erabakitzen da zer egin. Guk beharginen borondatea baino ez dugu jasotzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide