JUAN MARTIN ORELLANO

“Uste dut jendea gehiago animatu behar dela euskara erabiltzera”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko uzt. 22a, 07:00

Saskibaloi jokalaria eta musikaria ere bada Juan Martin Orellano. / Aiaraldea.eus

JUAN MARTIN ORELLANO (Argentina, 1989) saskibaloi jokalaria eta musikaria da. Saskibaloian aritzeko etorri zen Euskal Herrira, eta bertan geratzea erabaki zuen. Bizitakoaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Noiz etorri zinen Argentinatik Euskal Herrira? Zerk ekarri zintuen hona?

Duela hamabi urte Argentinatik Madrilera joan nintzen saskibaloian jokatzera. Bertan hainbat denboraldi egin ostean duela bost urte Euskal Herrira etorri nintzen Amorebietako saskibaloi taldean jokatzera. Orduan, nire neskalaguna ezagutu nuen eta geratzea erabaki nuen. 

Euskara ikasi duzu tarte honetan, nolakoa izan da prozesua? Zaila iruditu zaizu?

Konfinamendu garaian hasi nintzen euskara ikasten nire kabuz, nire neskalagunaren herriko kultura eta bizimodua oso interesgarria iruditzen zitzaidalako. 

Iaz euskaltegira joaten hasi nintzen, eta ekainean B1 azterketa ofiziala egin dut. Zaila da euskara ikastea, baina pixkanaka noa eta oso motibatuta nago nire lagunekin hitz egin ahal dudalako. 

Zure egunerokoan euskara erabiltzen duzu? Nola nabaritu duzu dagoela euskararen egoera?

Nire neskalaguna eta biok euskaraz hitz egiten saiatzen gara baina Bilbon lan egiten dut eta bertako lankide askok ez dute euskara erabiltzen; hori dela eta ezin dut asko praktikatu. Uste dut jendea gehiago animatu behar dela euskara erabiltzera. 

Oso desberdinak dira Argentinako eta Euskal Herriko gizarteak? Zerk harritu zaitu gehien?

Alde batetik, Euskal Herrian segurtasun handiagoa dago eta bizi kalitatea oso ona da, baina bestetik, Argentinan jendea pixka bat irekiagoa da eta hori faltan botatzen dut. Baina ni oso azkar moldatzen naiz eta oso pozik nago hemen. Euskara ikasteak hemengo gizartearen parte sentitzen lagundu dit. 

Nola gogoratzen duzu Euskal Herrian jasotako harrera?

Ni musikaria ere banaiz, pianoa eta gitarra jotzen ditut, baita abestu ere. Kantua ikasten ari naiz Bilboko kontserbatorioan.  Instagramen ikusi daitezke nire bideoak. Euskal Herrira iritsi eta gutxira, taberna batean kontzertu bat eman nuen. Abesti bat euskaraz abestu nuen nahiz eta letra ez ulertu, eta jendeari izugarri gustatu zitzaion. Denak nirekin abesten hasi ziren eta oso oroitzapen polita da.

Zer duzu faltan gehien Argentinatik?

Gehien faltan dudana nire familia da, nire familia osoa han dagoelako eta "asado" on bat ere! Zorionez, uztailean Argentinara joango naiz bost urteren ondoren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide