Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak prest dauka egitaraua aurtengo Amurrioko Jaiei indarberriturik heltzeko. Hilabete luzetako lana izan da, eta irrikaz daude batzordean parte hartzen duten eragile zein norbanakoak egindako lanaren fruituak jasotzeko. Antolakuntzan aritu diren kideetako bi dira Borja Guillen eta Josu Arrieta. Zortzi urte daramate biek egitarau herrikoiaren alde lanean.
“Gure betiko apustuan berretsi, eta koronabirusa iritsi aurretik bezalako egitarau anitz eta parte hartzailea osatzen ahalegindu gara”, nabarmendu dute Guillenek eta Arrietak. Kontsumora mugatutako jai eredutik harago, “jaiaren eremua zabaldu eta herritar ororen parte hartzea bermatuko duen eredua” dute ipar Jai Herrikoien Aldeko Batzordeko kideek. Izan ere, nabarmendu dute gehienetan gaueko aisialdiarekin lotutako egitarauak gailentzen direla herrietako jaietan, eta inertzia horrekin apurtzeko borondatea du prestatutako eskaintza herrikoiak.
Egitarau oparoa
Iguarrakoaren jaitsiera baino egun bat lehenago abiatuko dituzte Amurrioko Jai Herrikoiak: abuztuaren 11n jaurtiko dute txupin herrikoia eta orduan lehertuko da festa-giroa parkean atonduko duten txosnagunean. Abuztuaren 17ra bitarte kontzertuak, herri bazkariak, lehiaketa gastronomikoak, jolasak, kalejirak, haurrentzako ekintzak... orotariko ekintzak burutuko dituzte.
Parkeko zein Gazte Karpako oholtzara igoko diren musika taldeen artean daude Ibil Bedi, Zutik, 4 Bancos, El Polli, Matx, Dj Reimy, True, Tox eta Kitto ft. Pottors Destroyres, Dantzetan Jarrai edota eskualdeko rapeatzaileak.
Babiora Igoera Oxigenorik Gabe garagardo kutxen eskalada saioa egingo dute aurten ere. Iaz, pandemia betean, berreskuratu zuten Mendiko Lagunak taldeak urte luzez antolatutako ekintza arrakastatsua. Aurtengoan DJ Marauri gasteiztarrak girotuko du abuztuaren 15eko ekintza.
Aldarrikapenak ere izango du bere tokia. Otsemeak Neska* Gazte Taldeak, SOS Aiaraldea Plataformak edota Sarek mobilizazio bana deitu dute egitarauaren barruan.
Aurreratu dutenez, “aurtengoak oso jai onak izango dira”.
Antolakuntzarik gabe, jairik ez
Egitarau oparo hori, ordea, ez da hutsetik sortu. Herriko hamaika eragilek eta norbanakoren antolakuntza eta lan boluntarioak atera du aurrera. “Azken urtean, gainera, partaide gehiago bertaratu dira Jai Herrikoien Aldeko Batzordera. Horrek aberasten du egitaraua eta eragiten du pertsona anitzak elkartzea festa-giroa aurrera ateratzeko”, azpimarratu du Borja Guillenek.
Pandemiak, ordea, aldatu egin ditu gizartearen lehentasunak oro har, eta Euskal Herrian festetarako giroa sumatzen duten arren, jendea eredu herrikoietatik aldendu izana igarri dute ere: “Hiru urte igaro dira txosnarik eta jai herrikoirik gabe, eta ezinbestekoa da jendea berriro aktibatzea. Parte hartzean oinarritutako jaiak dira jairik aberatsenak. Guk herria eraikitzea dugu helburu”.