Igandean itzuli ziren Amurrio Aisia Eskaut Taldeko kideak Kantabriatik. 12 egun igaro dituzte bertan, udako kanpamenduan. “Bi aste hobezin” izan direla aipatu dute taldeko kideek, eta aitortu dute “penaz” agurtu dutela ekimena. Egonaldiko hiru gau kanpoan igaro dituzte eskautek. “Hainbat lekutan egin dugu lo, taldetan banaturik”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari. Horrez gain, ekintza sorta oparoa egin dute 12 egunetan zehar: “Kanpamenduan zehar jarduera eta joko ugari burutu ditugu, hondartzara joan gara eta errekan busti gara egunero. Kanpamentu bikaina pasatu dugu eta itzultzeko irrikan gaude!”.
Hurrengo helburua, jaietako txosna
Abuztuan ez dute atsedenik hartuko aisialdi taldeko kideek, txosna jarriko baitute Amurrioko Jaietan, pandemiaren ondoriozko bi urteko etenaldiaren ostean. “Familiak eta begiraleak” bilduko dira bertan, “jaietaz gozatzeko eta lan egiteko”, baina herritar orori luzatu diote bertaratzeko eta “bokataren bat” probatzeko gonbita. “Giro ona” egongo dela ziurtatu dute.
Argazkiak: Amurrio Aisia Eskaut Taldea