Pregoi hirukoitza izango da aurtengoa. Zer mezu zabalduko duzue?
Amurrio Trail: Gure aldetik, atzera begira jarriko gara, hastapenetara. Ez da denbora asko igaro, baina oso intentsoa izan da. Horrez gain, pandemiaren etapaz arituko gara, bizitzea eta sufritzea egokitu baitzitzaigun. Eta, nola ez, jendeak gozatzeko eta parte hartzeko mezua zabalduko dugu, inolako eraso eta antzekorik gabe.
Nagusilan: Jaietan gaudenez, batez ere, ahalik eta festa lasaienak, arazo gabeak eta onenak nahi ditugu. Bestalde, Nagusilanek urtean zehar egiten duen lana goraipatuko dugu, hori baita benetako beharra: zaintza. Jendea laguntzeko jendea behar dugu, eta laguntza eskatuko dugu. Gure pregoiak prosa lerroak izango ditu, eta gero bertso batzuk bukatzeko.
Amurrioko Txirrindularitza Elkartea: Gu ere oso eskertuta gaude pregoilari gisa jaietan aritzeko aukeragatik. Eta, nola ez, bidelagun ditugun laguntzaile guztiak aipatuko ditugu: babesleak, kolaboratzaileak, boluntarioak eta abar.
Zer suposatzen du pregoilari izendatzeak, edota Urrezko Guk saria jasotzeak, herriko eragile batentzat?
Amurrio Trail: Herriak, auzokideek eta lagunek egindako aitortza da. Herriko jendeak eginiko omenaldia, gainera… zer gehiago eskatu daiteke?
Nagusilan: Guk ez dugu apenas ezer egin, bada gu baino lan askoz gehiago egin duen jendea. Batzuk 20 urte baino gehiago daramatzate. Hala ere, nagusien kolektiboarentzat aitorpena da. Sekula ez genuke pentsatuko pregoilari izendatuko gintuztenik, eta asko eskertzen dugu.
Amurrioko Txirrindularitza Elkartea: Gure kasuan, ez dugu askorik gehitzeko esandakoari. Txirrindularitza elkartean ere, denetariko jendea dago: desagertu dena, badagoena… Espero dugu urte luzez aurrera jarraitzea.
“Herriak, auzokideek eta lagunek egindako aitortza da… zer gehiago eskatu daiteke?”
Nola imajinatzen duzue txupinazo eguna?
Amurrio Trail: Urduritasun eta saltsa askorekin. Oso ekitaldi publikoa da, eta momentu oso berezia. Gainera, bi urte berandu dator, eta beraz, oso gogotsu egongo gara guztiok. Nerbioak nerbio, ahalik eta gehien gozatzen saiatuko gara.
Nagusilan: Urduri, ziur, batez ere euskaraz eta jendaurrean hitz egiteagatik. Mikrofono asko egongo dira, gainera. Imajinatzea kosta egiten zaigu, nahiago dugu bizi. Gainera, irabazi asmorik gabeko elkartea ordezkatzeak ilusio asko egiten digu; eragile apolitikoa, akonfesionala eta boluntarioduna garelako, adindunek adindunentzat egina.
Amurrioko Txirrindularitza Elkartea: Pregoi egunean pentsatzeaz gain, Ama Birjinaren eguneko (abuztuak 15) txirrindularitza lasterketan izango dugu guk burua.
Boluntariotza duzue motore hiru eragileek. Zein ekintza egingo duzue jaietan?
Amurrio Trail: Txosna solidarioaren ideia bota ziguten, eta horrekin arituko gara buru-belarri. Kontzertuak Mendikon daudenean edari eskaintza egingo dugu, eta bildutako diru guztia X Sindrome Hauskorraren Elkartearentzat izango da.
Nagusilan: Bakoitzaren kasua ezberdina da gure elkartean, beste saltsa batzuetan ere parte hartzen dugulako. Pertsona nagusien parte hartzeari begira oroitzapen polita izatea gustatuko litzaiguke. Nagusien esperientzia eredu izatea gustatuko litzaiguke, parte hartzeari begira. Abuztuaren 13an, adibidez, adinduentzat herri bazkaria antolatzen du Udalak, eta Nagusien Egoitzatik bertara joateko laguntza behar dutenentzat bertan izango gara zenbait boluntario.
Amurrioko Txirrindularitza Elkartea: Gu ere, antzera! Ahalik eta gehien laguntzen saiatuko gara, eta Txirrindularitza Sari Nagusia prestatzen ere bai. Hortik aurrera, parte hartu eta gozatzera.