Amurrioko Jaietako kartel lehiaketa irabazi duzu aurten, baina honakoa ez da lehiaketara aurkezten zaren lehenengo aldai, ezta?
Txikitatik, marraztea beti izan dut gustuko. Amurriokoa naiz ni eta jaiak modu berezian bizi izan ditut beti. Txikitan hainbatetan aurkeztu nintzen kartel lehiaketara, eta behin hura irabazi eta jaien programazioko kontraportadan argitaratu zuten nire lana. Gerora, pare bat aldiz aurkeztu izan naiz nagusien lehiaketara. Amurrion bakarrik ez, Urduña eta Laudioko jai-kartelen lehiaketetara ere aurkeztu ditut lanak. Aurten, koronabirusaren ondorioz etxean konfinatuta nengoela aprobetxatuta animatu nintzen lehiaketan parte hartzera. Denbora soberan nuen eta sorkuntza lanari ekin nion.
‘Entropia’ da zuk aurkeztutako lanaren izenburua. Zer adierazi nahi izan duzu zure proposamenean?
Ni ez naiz fisikan aditua, baina gainetik azalduta entropia kontzeptu fisiko bat da, zeinen arabera unibertsoan materiak kaos eta desordenarako joera duen. Gizakiok ere, materia guzti horren parte izanda hartara goaz. Oso kontzeptu interesgarria iruditzen zait, eta uste dut oso ondo adierazten duela jaietan gertatu ohi dena. Pandemiak markatutako azken urte hauetan hain zurrunak izan diren neurri murriztaile, kontrol mekanismo eta ordena guzti horren aurrean, uste dut jaietako garaia badela kaosera garamatzan egoera bat. Horregatik hautatu dut entropiaren analogia.
Nola islatu duzu hori kartelean?
Lehenengo begiratuan desordena eta mugimendua iradokitzen ditu kartelak, leherketa moduko bat. Jaietan gertatu ohi den festa giroaren eztanda hori irudikatzen du. Desordena guzti horretan jaietako elementu desberdinak txertatzen joan naiz. Amurrioko jaietako elementu ia denak daude irudikatuta bertan, baita Euskal Herriko jaietan ugariak diren bestelako elementu asko eta asko ere.
Joko baten modukoa da; ikusleak denbora bat beharko du elementu denak identifikatzeko, batek gauza bat ikusiko du, beste batek beste zerbait.
Txertatu duzu elementu pertsonalagorik?
Ez bereziki, Amurrioko jaietako unibertsoa osatzen duten elementu ia denak daude bertan. Niretzat kartelak irudikatzen duen kontzeptu orokor hori da jaietako nire gauzarik kuttunena; festek duten inprebisiblitatea: Edozein gauza gertatu daitekeenaren sentsazioa, arauak apurtu, normalean elkartzen ez zaren jendearekin hitz egitea…
Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
Hasieratik nuen buruan lau koloretara murriztu nahi nuela kolore gama, baita koadrante sinpleen gainean egin nahi nuela lan ere. Hortik aurrera ideia finkorik gabe joan naiz dena betetzen. Konfinatuta eman nuen garaian osatu nuen dena, ez zen bereziki nekeza izan lana, eta entretenituta egoteko aitzakia ematen zidan. Egia da ere, espero baino dedikazio gehiago eskatu didala.
Epaimahaiak oso positiboki baloratu du zure lana. Zu pozik zaude emaitzarekin?
Sortzaile moduan oso pozgarria da egindako lana balioan jartzea. Herritarrengandik jasotako mezuek ere asko poztu naute. Orotariko inpresioak jaso ditut, egia da nagusiagoa den jendeari gehiago kostatzen zaiola, baina ohitzea besterik ez dago. Uste dut oso positiboa dela gauza desberdinak egitea.