Eraso matxisten aurka, ekimen zaparrada Amurrion

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko abu. 10a, 06:00

Iragan ostegunean egin zuten ekimenak aurkezteko agerraldia, parkean. / Aiaraldea.eus

Amurrioko Mugimendu Feministak jai giroko eraso eta jarrera matxistak salatzeko ekimen anitzak jarriko ditu martxan abuztuaren 11tik 17ra. Brigada moreak, 24 orduko salaketa eta arreta telefonoa eta jaien hasierako mobilizazioa dira berrikuntzetako batzuk.

Otsemeak taldeak sustatuta, elkartasun feminista andana saretu dute Amurrion azken hilabeteetan. “Eraso mota guztiei erantzungo diegu sozialki”, adierazi du Maddi Isasi Azkarraga kideak. Beste zenbait neska* gazterekin batera aritu da azken hilabeteetan planteamendua gorpuzten. Aurreko urteekin alderatuta, “erantzuna modu zabalagoan” emango dute bere iritziz, eta horretarako bestelako jai eragileak zein Udala inplikatu dituzte prozesuan. 

Herriko jaiak hasi aurretik piztuko dute alarma morea herrian, manifestazio bidez. “Jai herrikoien programa mobilizazioarekin hasiko da, 18:00etan. Garrantzia eman nahi diogu herriko eragile desberdinen arteko deiari, nahiz eta neska* gazteak izan subjektu nagusi, herri akordio gisa adierazi nahi dugu ez ditugula erasoak onartuko”, erantsi du.  Era berean, duela zenbait hilabete Otsemeakek sortutako Entzun gaitzatela tresnaren bidez jasotako salaketak ere ekarriko dituzte erdigunera. Abuztuaren 12an, berriz, txupinazoaren aurretik agerraldia egingo dute jai eragileek, “jai kuadrillen aurkezpenaren barruan, eraso eta jarrera matxistak salatzeko”. Horrez gain, indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa indarrean jarriko dute berriro.

Protokoloaren sozializazio bitartekoak ere ugarituko dituzte, azpimarratu dutenez. “Hilabete pare bat daramagu Otsemeaken eta beste eragile batzuekin protokoloari buelta bat ematen, aurreko urteetako protokoloan oinarrituta, eta dauden beharrak, indarrak eta gogoak birbaloratuta”. Gainera, herriko kolektibo eta norbanakoak ez ezik, Udalaren inplikazioa ere lortu dute, hein batean. 

Salaketa eta arreta telefonoa

Protokoloa zehaztetik harago, erasoak jasaten dituztenen arreta eta babes sarea handitu dute aurten. Horren harira, 24 ordu martxan egongo den telefonoaz gain, udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatzeko eta arreta integrala eskaintzeko apustua jarri du mahai gainean Mugimendu Feministak, “laguntza integrala emateko”. Ildo beretik, erasorik gertatzekotan, tokiko erakundea ere Mugimendu Feministaren deialdira batzeko eskaera egin diote udal gobernuari.

 Salaketak jasotzeko telefonoa jarriko dute martxan jai egun guztietan, 24 orduz. 623 37 05 66 izango da telefono zenbakia

Prebentzioari eta kontzientziazioari begira, euskarriak kaleratuko dituzte hainbat mezurekin, “ez bakarrik pedagogia egiteko, baizik eta eraso sinbolikoagoak direnak -espazioaren erabilera eta abar- tresna desberdinen bidez salatzeko”. Esaterako, kontzertuen hasieran espazioak modu parekidean banatzeko edo “Nor dago lehen lerroan?” ohartarazteko iragarki laburrak jarriko dituzte bozgorailuetan. Hala, erasorik jasatekotan zer egin jakiteko eskuorriak ere egongo dira barretan.  Aurtengo beste berrikuntza bat ‘brigada moreak’ izango dira. “Protokoloaren ardura duten pertsona konkretu horiez gain, beste pertsona batzuk egongo dira jai guneetan bueltaka, erasoren bati aurre egiteko aliatuak identifikatzeko”, zehaztu du Isasi Azkarragak. Guzti hori, auzolanean eta elkarlanean egingo dute, autodefentsa feminista indartze aldera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide