Abuztuaren 12tik 17ra luzatuko dira Amurrioko jaiak. Gaur ekingo diote Jai Herrikoien Aldeko Batzordekoek euren egitarauari, eta 127 ekitaldi egongo dira orotara udalerrian datozen egunetan.
Kultur jardueren artean %28 izango dira gaztelera hutsez, %23 euskaraz osorik, eta %29 elebitan
Hizkuntzari erreparatuta, zer nolako presentzia izango du euskarak horietan? Aiaraldea Komunikabideak jaietako ekintzen hizkuntza eta genero azterketa egin ditu, hurrenez hurren. Kontaketarako Amurrioko Udalaren egitaraua eta Jai Herrikoien Aldeko Batzordearena hartu dira kontuan.
Hizkuntzari erreparatuta, ondorengoak dira Amurrioko 2022ko jaietako ondorioak:
- Ekitaldi guztien %37,80 dira kultur ikuskizunak (hots, 48 jarduera).
- Horietatik euskaraz hutsezko ekitaldiak %23 bakarrik dira, gaztelera hutsezkoak %28 diren bitartean.
- Elebidunak, berriz, %29 izango dira, eta hizkuntzarik gabeak %10.
Gauzak hala, euskararen presentzia oholtzan kultur ekitaldien erdietan soilik egongo da bermatuta (%52an, ekitaldi elebidunak eta euskara hutsezkoak gehituta). Zenbakitara ekarrita, hurrengoa da hizkuntza azterketaren egoera, jaietarako lotutako ekitaldietan:
Zenbaketa egiteko irizpideak
Aiaraldea Komunikabideak egin du azterketa. Zenbaketa errazteko, kultur ekitaldiak soilik hartu dira kontuan (kontzertuak, ikuskizunak, antzerki emanaldiak...). Hau da, albo batera utzi dira hizkuntza-irizpideen arabera sailkatzeko zailak diren zenbait jarduera (herri bazkariak, lehiaketak, ekitaldiak…). Hala, ondorengo multzoetan bereiztu dira jarduerak: euskara hutsezko ekintzak: gaztelerazkoak, elebidunak eta hizkuntzarik gabekoak.
Eskualdeko jaietako kultur ekintzen genero eta hizkuntza azterketa osatu eta argitaratuko du Aiaraldea Komunikabideak datozen egunetan.